Urtebeterako akordioa sinatu dute udalak eta zenbait kirol zentrok, "sedentarismoari aurre egiteko"

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 29a, 16:00
Txus Alonso kirol zinegotzia eta zentroetako ordezkariak, akordioa sinatu ostean. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

Kirola egitea sustatzeko helburuarekin, urtebeterako ados jarri dira udala eta herriko zenbait kirol zentro: Yogalasarte, Saito gimnasioa, Koroibos Crossfit eta Miracampos zaldi-zentroa. Maialen Chourraut kiroldegian sinatu dute hitzarmena ordezkariek.

Kirola egitea sustatzea eta sedentarismoari aurre egitea. Horiek dira, Txus Alonso kirol zinegotziaren arabera, udalak eta herriko zenbait kirol zentrok sinatu duten urtebeterako hitzarmenaren helburuak. Maialen Chourraut kiroldegiko pistan berretsi zuten akordioa Alonsok berak eta guneetako ordezkariek: Miracampos zaldi-zentroa, Saito gimnasioa, Koroibos Crossfit eta Yogalasartekoek. 

Hitzarmenean jasotzen denez, udalak konpromisoa hartzen du kirol zentro horiei bere jabetzakoak diren instalazioak uztera, "puntualki eta dohainik", ekitaldiak antola ditzaten bertan. Ekimenak egiten ere lagunduko die udalak: oholtza instalatuko diete; hesiak eta argindarra erabiltzen utziko diete; eta udaltzainek lagunduko diete.

Kirol zentroen kolaborazioa 

Trukean, hitzarmena sinatu duten kirol guneek deskontuak eskainiko dituzte, eta klaseak eta jarduerak antolatu udalaren kirol instalazioetako bazkide diren lasarteoriatarrentzako.

Saito gimnasioak saio ugari eskainiko ditu astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 17:00etara: spinning, aerobika, zunba eta beste hainbat. Udalaren instalazioen bazkide direnei %25eko deskontua egingo diete.

Miracampos zaldi-zentroak hastapen klaseak eskainiko dizkie bazkideei. Hamar saioko bonua erosiz gero, %15 gutxiago ordaindu beharko dute. Tarifak murriztuko ditu baita ere Koroibos Crossfit zentroak. 140 euroren truke, klaseak jasoko dituzte bazkideek hiru hilabetez. Astearteetan eta ostegunetan, 10:00etan eta 19:30ean; astelehen eta asteazkenetan, aldiz, 13:15ean. Yogalasartek ere egingo du deskontua: %20 merkeagoak izango dira saioak udalaren kirol instalazioetan abonatuta dauden herritarrentzat. "Ohiko orduetan" izango dira klase horiek.