Ezusteko ugari Halloween festan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 29a, 12:00

Aterpea elkarteko kideak eta udal ordezkariak aurtengo Halloween festaren aurkezpenean. Arg.: L-O Udala

Aterpea Merkatari eta ostalari elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak Halloween festaren edizio berria aurkeztu dute

Mamu, munstro eta gaueko anima galduek beteko dute Atsobakar auzoa aurten ere. Domu Santu bezperan, ostegunean, 17:00etatik aurrera, Halloween festa antolatu du Aterpea Merkatari elkarteak, aurreko urteetako harrera ederra ikusita. Aurten berrikuntzarik izango dela aurreratu dute.

Gaueko 22:00ak arte, haur eta gaztetxoen gozamenerako ekintzak egingo dituzte Caddie plazan. Truku edo tratua, mozorro desfilea, aurpegia margotzeko edo maskara tailerrak, photocalla, zozketa... denetarik izango da. Lehengoz, auzoan zehar, beldurrezko kalejira bat ere egingo da eta ezustekoak nagusi izango dira arratsalde beldulgarri horretan.

Nuria Fernandez sozioekonomia zinegotziak eskerrak eman dizkio Aterpeari, "herritarrak mugitu eta komertzio txikiari bultzada emateko ekintzak antolatzeagatik".

Aterpeak eta Udalak herritarrak gonbidatzen ditu Atsobakarrera hurbildu eta festa berezi honetaz gozatzera.