EAJk "obra hondakin isurketa irregularrak" salatu ditu Zatarainen

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 29a, 11:15
Arg.: EAJ Lasarte-Oria

Lasarte-Oriako EAJk Zatarain urbanizazioan egiten ari dire obra isurketak gelditzeko eskatu dio Udal gobernuari

Herritarren salaketa bat jaso eta honen zuzentasuna udal zerbitzuetan baieztatu ondoren, Lasarte-Oriako EAJk salatu du TSST Kotxerak eraitsi ondoren sortutako hondakinak era irregularrean Zatarain urbanizazioko obretan botatzen ari direla. “TSSTko obren hondakinak Udalaren berariazko baimenik gabe uzten ari dira Zatarainen. Gainera, TSST eraisteko baimenean jasotzen zen hondakinak in situ balioztatu beharko liratekeela. Gogorarazi nahi dugu ez dela hau urbanizazio berri honetan gisa honetako arazoak gertatzen diren lehen aldia, aurretik beste betelan batzuk egin baitziren Zataraingo lurrekin, baimenik gabe, legez kanpo, Miracampos inguruan. Eta hori salatu izan genuen hirigintza batzordean aurreko legegintzaldiaren amaieran".

Ondorioz, alderdi jeltzaleak Zatarain urbanizazioan isurketak gelditzeko eskatu du udal erregistroan. "Udalak egoera hori geldiarazteko, enpreseek botatako hondakinak kendu eta udalak emandako baimenaren arabera lurrak jatorrizko egoerara itzultzeko. Hori egin ezean, Lasarte Oriako gobernu taldeak dagozkion batzordeetan jakinarazten ez dizkiguten beste moduko interesak izan ditzakeela ulertuko genuke".