Amaitu da 2019 Lasarte-Oria Bai! krosa. 961 parte hartzaile aritu dira XXIV. edizioan, eta giro ederra izan da protagonista nagusia. 822 lasterkarik, 71 patinatzailek eta 68 iparmartxalarik osatu dute aurtengo parte hartzaileen zerrenda.
Unai Arroyo eta Nuria Rodriguez izan dira lasterkari azkarrenak. 30 minutu eta 54 segundo behar izan ditu lehenak helmugaratzeko, eta 38 minutu eta 34 segundo, berriz, bigarrenak.
Patinatzaileei dagokionez, Aitor Vacas eta Arantzazu Etxeberria izan dira garaileak. 17 minutu eta 36 segundoan osatu du ibilbidea lehenak, eta 20 minutu eta 50 segundoan Etxeberriak.
Azkenik, Ipar Martxan, Gironatik etorritako Cristina Borras eta Imanol Yaguas donostiarra izan dira txapeldunak. Borrasek 38 minutu eta 4 segundoko denbora eginda eskuratu du garaipena, eta Yaguasek, aldiz, 39 minutu eta 30 segundotan.
Herriko parte hartzaile garaileak
Herritarrei ihes egin dizkiete lehen garaipen postuek, baina oso gertu ibili dira batzuk. Korrikalarietan, Raul Gomez Margallo (32:13) eta Anabel Eleno (39:42) izan dira lasarteoriatar azkarrenak. Herriko patinatzaile bizkorrenak, aldiz, Igor Otaegi (19:58) eta Naroa Salsamendi (29:03). Eta iparmartxalarietan, Marian Arrillaga (41:51) eta Kepa Rezabal (45:25) izan dira helmugaratu diren lehen lasarteoriatarrak.