Heldu, zein haurrak guztiak 24. Lasarte-Oria Bai! kroserako prest

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 25a, 12:45

Guztira 2.000 pertsona baino gehiago izango dira Lasarte-Oria Bai! kros herrikoiko eta Korrika Festako irteera puntuetan

Giro ederra izango da igandean. 2.000 pertsona baino gehiagok igaroko dute Geltoki kaleko helmuga.  

Erlojuari begira korrika egin edo lasterketaz gozatzeko asmoz, 600 pertsona baino gehiagok izena eman du 24. Lasarte-Oria Bai! kros herrikoian. III. Roller lasterketan, berriz, 30 patinatzaile izango dira lehian.

Aurten gainera, Ipar Martxa lasterketa  ofiziala ere izango da eta 56 pertsonek astinduko dituzte makilak helmugara iristeko. Horietatik 25 Nordic Walkin girona taldeko kideak izango dira eta Ostadar Ipar Martxa taldeko kideekin asteburu pasa ederra izango dute.

Etxeko txiki eta gazteen presentzia ere handia izango da Korrika Festan. Kroseko etorkizuneko 821 korrikalari izango dira, sei probetan banatuta.

Korrikalari, patinatzaile eta ipar martxalariez gain, ikusle ugari izango dira Lasarte-Oria Bai! kroseko eta Korrika Festako ibilbideetako bazterrean animatzen.

Datu hauek eguneratzeko daude. Izan ere, gaurtik igandera, oraindik zalantzan daudenek izena eman baitezakete lasterketaren batean.

Internetetik egin nahi dutenek gaur dute azken eguna. Ostadar SKTko webgunean eta sailkapenak.com orrialdean egin daiteke.

Manuel Lekuona Kultur Etxean ere izango dira Ostadar SKTko lagunak gaur, 17:00etatik 20:00etara izena ematea fisikoki egin nahi dutenentzat. Bihar, berriz, Michelingo frontoian izango dira 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era. Lasterketa egunean 10:00ak arte egongo dira dortsalak banatzen.