Igandean herriko gaztetxoak ere kroseko protagonista izango dira. Helduen krosa amaitu eta gero, Korrika Festan lasterka egiteko aukera izango dute txikienek. XIX. Korrika Festa izango da aurtengoa, eta adinaren arabera, distantzia ezberdinak osatu beharko dituzte partehartzaileek.
Eguerdiko 12:15ean hasiko dira. Infantilak izango dira Korrika Festan parte hartzen lehenak (2006/2007an jaioak), eta 1.200 metrotako ibilbidea osatu beharko dute. Horiek amaitu ostean, 12:25ean, kadeteen txanda izango da (2004/2005an jaioak). Hauek ere distantzia bereko lasterketa egin beharko dute helmugaratzeko.
Ondoren, 2014. urtean jaiotakoek egingo dute korri. 12:35ean hasiko dute 100 metrotako korrikaldia. Aurrebenjaminak (2012/2013an jaioak) arituko dira gero. Hauek 12:45ean hasiko dira, eta 150 metro egingo dituzte lasterka. Horiek amaitzean, benjaminen (2010/2011an jaioak) txanda izango da, eta hauek ia kilometro erdiko lasterketa egin beharko dute 12:55ean: 400 metrokoa. Alebinak izango dira Korrika Festan parte hartzen azkenak. 13:05ean hasi, eta 800 metro korrika eginda amaituko da gaztetxoenen lehiaketa.
Saio guztiak amaituta, sariak ere jasoko dituzte, Jalgune Elkarteko lagunen eskutik. Aurten, alebinek eta benjaminek jasoko dituzte dominak, eta gainerako parte hartzaileentzat, janaria banatuko da.
Izen ematea
Ostadarrek jakinarazi duenez, 800 izen-ematetik gora jaso dituzte gaur arte. Dena den, igandera bitarte izango da inskripzioa egiteko aukera. Bihar, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era izango da izen emateko aukera, Michelinen. Igandean, berriz, helduen ordutegi berean; 09:00etatik 10:00etara.