Hilabete batzuk lehenago entrenatu ostean, edota urte guztiko kirol saioei jarraituz, asko izango dira igandeko hitzorduan parte hartuko duten herritarrak. Goiz goizetik entrenatu eta gero, lehiaketan parte hartzera irtengo dira. Kronometroa martxan jarri eta finkatutako helburuak betetzeko asmoz ariko dira batzuk, baina badira, baita ere, helburu zehatzik gabe, gozatzera aterako direnak. Batzuk patinen gainean, korrika beste batzuk eta iparmartxalariak ere ez dira faltako.
Igandeko hitzorduaz hitz egiteko, sei parte hartzailerekin bildu da TXINTXARRI.
Imanol Galarraga, lasterkaria
1.-Zer gustatzen zaizu gehien Lasarte-Oria Bai! krosetik?
Txikitatik bizitzen dugu krosa herrian. Giro oso ona sortzen da; jende ezagun ugari biltzen da, denek animatzen zaituzte, eta Hipodromoko zatia eta helmugakoa oso hunkigarriak izaten dira.
2.-Zenbatgarren aldiz parte hartuko duzu?
Krosean parte hartzen dudan laugarren urtea izango da aurtengoa.
3.-Helbururik jartzen al diozu zure buruari?
Nik beti zehazten ditut helburuak; denborak izaten ditut erreferentziatzat. Aurtengorako ere baditut helburu batzuk, baina ez dakit horiek betetzea lortuko dudan.
4.-Urte osoan aritzen zara korrika?
Urte guztian aritzen naiz lasterka eta bizikletan. Mendiko lasterketak egiten ditut. Aurten apirilean hasi nintzen entrenatzen.
Izaskun Salazar, lasterkaria
1.-Zer gustatzen zaizu gehien Lasarte-Oria Bai! krosetik?
Giroa. Parte hartzaile kopurua handia biltzen du lasterketak eta polita izaten da. Ibilbidea ere oso polita da, eta jendeak etengabe animatzen du.
2.-Zenbatgarren aldiz parte hartuko duzu?
Bederatzigarren aldia izango da aurtengoa.
3.-Helbururik jartzen al diozu zure buruari?
Gozatzea izaten da nire helburua. Ez diot denborarik finkatzen nire buruari, ezta bestelako helbururik ere. Ez naiz lehiatzera ateratzen.
4.-Urte osoan aritzen zara korrika?
Igeriketan aritzen naiz gehienbat, baina aritzen naiz lasterka ere. Aurten, ordea, lesio bat tarteko, ezin izan dut. Zalantza izan dut aurtengo krosean parte hartu edo ez, baina nahiz eta erritmo lasaiagoan egin behar izan, parte hartzea erabaki dut.
Maitane Rebe, lasterkaria
1.-Zer gustatzen zaizu gehien Lasarte-Oria Bai! krosetik?
Herritar guztiek parte hartzen dutela da gehien gustatzen zaidana. Batzuek lasterketan parte hartzen dute, eta besteak ikustera eta animatzera etortzen dira. Txikitatik bizi dugun hitzordua da.
2.-Zenbatgarren aldiz parte hartuko duzu?
Umetan parte hartu nitzakeen edizio guztietan aritu nintzen, eta helduenean, aurtengoa bigarrena izango da. Aitak animatu ninduen lehen aldian parte hartzera, berarengandik datorkit zaletasuna.
3.-Helbururik jartzen al diozu zure buruari?
Helburua ondo pasatzea da, helmugara disfrutatu ostean iristea..
4.-Urte osoan aritzen zara korrika?
Ez, kirola betidanik egiten dut, eta dantza ere asko, baina korrika ez naiz aritzen. Krosa prestatzeko bi hilabete lehenago prestatzen naiz.
Igor Otaegi, patinatzailea
1.-Zer gustatzen zaizu gehien Lasarte-Oria Bai! krosetik?
Krosetik gehien gustatzen zaidana sortzen den giroa da. Jendeak dezente animatzen du, nahiz eta guri, patinatzaileoi ez hainbeste. Nahiko goiz hasten da gure proba, eta gurea amaitzear dagoenean gerturatzen dira ikusleak, korrikalariak animatzera. Korrika Festa ere oso polita da..
2.-Zenbatgarren aldiz parte hartuko duzu?
Kontua galdu dut dagoeneko. Korrika askotan, eta patinetan, edizio guztietan.
3.-Helbururik jartzen al diozu zure buruari?
Ez diot aparteko helbururik jartzen nire buruari. Azken egunotako euriak ikusita, ez erortzea izan daiteke iganderako helburu bat.
4.-Urte osoan aritzen zara korrika?
Urte osoan aritzen naiz patinetan. Tarteka probetan ere parte hartzen dut. Korrika ere aritzen naiz, hortxe dator Behobia-Donostia.
Manoli Zumeta, iparmartxalaria
1.-Zer gustatzen zaizu gehien Lasarte-Oria Bai! krosetik?
Sortzen den giroa da gehien gustatzen zaidana. Ikustera etortzen direnek, ezagutu edo ez, asko animatzen zaituzte, eta hori ederra da. Ez gara inongo momentutan bakarrik sentitzen, eta guk, gure artean ere elkarri animo asko ematen dizkiogu.
2.-Zenbatgarren aldiz parte hartuko duzu?
Bigarren aldia izango da aurtengoa, edo ofizialki lehenengoa.
3.-Helbururik jartzen al diozu zure buruari?
Giroaz eta probaz disfrutatzera ateratzen naiz. Ez diot helburu zehatzik jartzen nire buruari, ahalik eta ondoen egitea besterik ez.
4.-Urte osoan aritzen zara korrika?
Bai, ahal dudan neurrian, urte guztian zehar parte hartzen dut Ipar Martxako irteeretan eta saioetan. Bi urtez irteera ederrak egin ditugu; Menorcan eta Gironan izan gara.
Xabier Perez, iparmartxalaria
1.-Zer gustatzen zaizu gehien Lasarte-Oria Bai! krosetik?
Lehiaketan parte hartzea da gehien gustatzen zaidana, lehiakortasun puntu hori. Giroa ere oso ona izaten da. .
2.-Zenbatgarren aldiz parte hartuko duzu?
Ipar martxarekin parte hartu izan dut lehengo urtetik, aurten bigarren urtea izango da eta iragan urtekoa behintzat, oso esperientzia polita izan zen.
3.-Helbururik jartzen al diozu zure buruari?
Ez diot helburu zehatzik jartzen nire buruari. Lehiaketa bat den neurrian, lehiakortasuna badago, baina gozatzea ere oso garrantzitsua da. Sailkapen postuak ez du garrantzi handiegirik niretzat.
4.-Urte osoan aritzen zara korrika?
Urte osoan aritzen naiz Ipar Martxan, baina San Silvestreaz gaindi, ez dut probetan parte hartzen.