Eguraldia lagun izango du Lasarte-Oria Bai! krosak igandean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 25a, 09:45

Euria izan zen iaz protagonistetako bat. Aurten eguzkia lagun izango dute korrikalariek.

Ostadar SKT eta herritarrak igandean jokatuko den 24. Lasarte-Oria Bai! kroserako prest daude. 600 pertsona baino gehiago izango dira Geltoki kaleko irteeran. Trofeoak beharrean Aterpeako bonoak jasoko dituzte irabazleek. Udalaren babesa jaso du probak eta hurrengo urtean hitzarmena berrituko dute

Igandeko lehen orduak lainotuak izango direla aurreikusi duten arren, eguzkiak bere presentzia baieztatu du Lasarte-Oria Bai! krosean. Azken egun hauetako euri eta hotzak alde batera utzi eta tenperatura epelei egin beharko diete aurre lasterkariek. Lasterketa nagusia 10:30ean hasiko da; bi minutu lehenago gurpilak martxan jarriko dituzte patinatzaileek. 

Ibilbide luzeko lasterketa, 24. edizioa da, ohiko bihurtu da Lasarte-Oriako herritarrentzat, baita inguruko korrikalarientzat ere. Horregatik, 500 bat korrikalarik izena eman dute, asteazken arratsaldeko lehen orduan Ostadar SKTk eskainitako datuen arabera. Patinatzaileak, ordea, ez dira hainbeste, 21.

Faboritoei dagokienez, Ostadar SKTko kideek ez digute izenik eskaini ahal izan. "Askok azken momentuan izena ematen dute eta ezin da jakin".

Hala ere, azken orduetan ere izan daiteke lasterkari edo roller bat baino gehiago gehitzea. Gaur Ostadar SKTko webgune eta sailkapenak.com orrialdetik izena emateko azken eguna da.

Fisikoki egin nahi duenak gaur Manuel Lekuona Kultur Etxera joan behar du, 17:00etatik 20:00etara. Bihar, berriz, Michelingo frontoian izango dira Ostadar SKTko lagunak 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era. Lasterketa egunean 10:00ak arte egongo dira dortsalak banatzen. Egun horretan izena emanez gero, 20 euro ordaindu beharko dituzte kirolariek. Bestela, 12 –Ostadar SKTko bazkideek, berriz, 8–.

Udalaren laguntza

Bestalde, lehengo ostiralean, urriaren  18an, Lasarte-Oriako udalak eta Ostadar SKTk duten hitzarmenaren berri eman zuten Sozioekonomiako zinegotzi Nuria Fernandezek eta Ostadar SKTko Aitor Azkonobietak.

Udalak 2.000 euro eman dizkio Ostadarri krosa egin ahal izateko. Lasarte-Oriako udal gobernuko kideak adierazi duenez, elkarlan horren xede dira kirol proba bat antolatzea eta Tratu on bat Lasarte Oria marka sustatzea. Horregatik, lelo hori duten 3.000 poltsa banatuko dituzte lasterketaren egunean, iaz bezala. 

Agerraldian, Ostadarrek hasieratik herriko saltokiak, taberna edo jatetxeak egun horretan sustatzeko izaera duela nabarmendu zuen Azkonobietak. Hori dela eta, aurten Aterpea Merkatari Elkartearekin erdietsi duten akordioa azpimarratu zuen. "Irabazleei, kopak beharrean, bonoak emango dizkiegu, Aterpeako komertzioetan erosketak egiteko. Trofeoetan gastatzen genuen dirua inbertitu egingo dugu herriko komertzioan".

Halaber, 2017-2019 hirurtekorako hitzarmena datorren urtean berrituko dutela berretsi zuen Fernandezek.