Zer moduz talde aldaketa?
Oso pozik gaude izan dugun harrerarengatik. LOKEko etapa, ia 18 urtekoa, itxi dugu. Azkenean hasi eta amaitzen diren zikloak dira. Oso pozik gaude gustuko duguna egiten jarraituko dugulako Lasarte-Orian, atletismoa irakasten. Gainera elkarte handi batean gaudela sentitzen dugu.
Lasarte-Oriako harrobia lantzen jarraituko duzue…
Bai, horrela da. Gure lan egiteko modua ez da aldatu. Harrobia lantzen duen elkartea gara. Eskoletako haur eta gazteekin egiten dugu lan, atletismoan zaletzeko. Gerora jarraitzen badute federatzen dira. Hori da gaztetxoen bidea.
Oskarrek federatuekin egiten du lan, nik federatuak ez daudenekin. Eskola Kiroleko haurrekin hilabete daramagu lanean eta federatuek urtarrilean hasiko dute txapelketa denboraldia.
Aurtengo ikasturtea nola aurreikusten duzue?
Urtearen arabera taldearen kopurua aldatzen doa eta adin batzuetan arazoak izaten dira kirola egiten jarraitzeko.
Aurten gure harridurarako maila zail batean, 12-14 urte artekoan, gazte asko ditugu. Nesken ehunekoa mutilena baino handiagoa da gainera. Hori ere garrantzitsua da, neskek bere kirola aurkitzeko bidean. Adin horrekin talde kirola egitea errazagoa da.
Alebin mailan ere talde handia dugu, 12 kide. Benjamin mailan ere antzerako kopurua dugu. Beraz, piramidearen oinarria sendoa da.
Beste maila batzuetan zailagoa izaten dute jarraitzea. Unibertsitatera doazenek, esate baterako. Eta badago beste taldetxo bat gurekin urteak daramatzana.
Ostadarren sarttu eta Lasarte-Oria Bai! krosa prestatzeko zerbitzua eskaini duzue aurten…
Guk herriarentzat lan egiten dugula ulertzen dugu. Eskolako mailekin edo federatuekin lan egitea garrantzitsua da, baina bada beste korrikalari multzo bat herrian herri-lasterketak egiten dituena. Horren barruan, emakumeen kasuan batez ere, askotan ez dakite nola egin lasterketa bat prestatzeko edo talde bat osatzea gustatuko litzaieke korrika egin ahal izateko.
Horregatik logistika eskaintzea otu zitzaigun. Guk entrenamenduak prestatu eta bere erreferentzia puntu izatea. Fisikoki hona etorri ahal ezin duenak, on line egitea ere posible da. Kezkak ere argitzen saiatuko gara, elikadura edo entrenamenduei buruzkoa. Beste herrietan egiten da dagoeneko eta harrera ona izan du.
Horren adibide bat izan daiteke. Atletismoan ibiltzen diren gaztetxoen gurasoek taldea sortzea eta guk euren entrenamenduak gidatzea. Umeak kirolean daudela baliatuz, haiek ere entrenatu ahalko lukete.
Baina entrenatzeaz gain, zapatilak jantzi berri dituzu 15 km Klasikako 10 km proban…
Bai, horrela da. Emakumeen parte hartzea bultzatzeko asmoz eman nuen izena. Emakumeek korrika egitea gustuko dute, baina lehiaketa edo lasterketa orduan, ez dute hainbesteko lehiakortasunik.
Nire asmoa, lehiaketa bat erlojurik gabe edo entrenamendu bezala ere egin daitekeela erakustea zen. Eta lehiaketako gauza onak ere atera behar dira gero. Donostiako kaleetatik edo igande honetan bezala, Lasarte-Oriako kaleetatik kotxerik gabe lasterka egin ahal izatea eta zure gertukoenak animatzen egotea berezia da.
Beraz, etsenpluaren bidez predikatu nahi nuen. Baina batzuetan burua gorputza baino azkarrago doa eta gauza batzuk ahaztu egiten ditugu, adina esate baterako. Nire senarra eta iloba batekin parte hartu nuen eta kostata baina amaitu nuen. Nire beldurra lesionatzea zen, baina ez nuen arazorik izan. Asko gozatu nuen. Ez nengoen horrelako lasterketa bat egitera ohitua, hizketan joatea, jendearen animoak entzun eta Estadioan sartzea… giroa ere ezin hobea da.
Horregatik, jendea animatzen dut errepideko lasterketak egitera. Denbora tarte txikian ariketa fisikoa egiten duzu. Ez duzu askorik behar, zapatilak eta kirol arropa. Eta plan ederra egin dezakezu koadrilarekin lehiaketa egunean. Entrenatu, lasterketa egin eta gero pintxoak hartzera joan.
Igande honetan orduan, parte hartuko al duzu Krosean?
Ba gogoz nago, ilusioa egingo lirateke baina guztiz osatu behar naiz lehenengo. Atzo ezetz esango nizuke, baina gaur… Agian kilometro batzuk egiten ditut edo guztia, ez dakit… zapatilak beroak ditut eta gogoz nago. Hala ere, antolakuntza lanak ere egin behar ditugu, gazte eta haurrekin lagundu behar dugu.
Herritarrak animatzen dituzu parte hartzera…
Bai, noski. Herrian oso errotuta dagoen lasterketa da. Lasarte-Oriako ekitaldi handienetarikoa dela esan daiteke eta herriak bere egin du. Oso pozik nago, ze orain arte gonbidatu gisa ikusi dugu eta orain horren parte izango gara. Esperientzia berria izango da.
Zein aholku emango zenieke lasterketan parte hartu behar duten pertsonei?
Lasterketa egunean, ez esperimenturik egitea.
Betiko gosaria egin behar da. Komeni da proteina eta karbono hidrato azkarrak jatea. Eta lasterketa hasi baino ordu batzuk lehenago egitea komeni da.
Aurreko eguneko afaria ere garrantzitsua da. Pasta afalduz gero, muskuluetan glukogeno-erreserbak ziurtatzen dituzu.
Ongi hidratatuta egin behar da korrika. Ez da bakarrik egunean bertan ura edan behar, lau egun lehenago hastea komeni da. Ongi deskantsatu behar da.
Eta betikoa, zapatilak edo edozein arropa estreinakoz ez jartzea.
Ongi dator ere aurretik ibilbidea ezagutzea. Korrika zoazenean zer egin den eta zenbat geratzen den kontrolatzeko
Gipuzkoako Federazioko lehendakari lanetan ere bazabiltza…
Bai, baina 2020. urtean amaituko da nire taldearen legealdia eta ni behintzat ez naiz berriro aurkeztuko. Duela lau urte, federazioari laguntzeko asmoarekin sartu ginen. Ez zegoen egoera ekonomiko onean eta dirudienez buelta eman diogu egoerari. Lehiaketa eta kirol mailan gauza asko egin ditugu eta etapa hori ere amaitu behar da.
Lau urte gogor izan dira, egoera zailari aurre egin behar izan diogu. Emakumea izanagatik, familia eta eginkizunak bateragarri egitea ere zaila izan da, familiaren babesa izanda ere.
Oso eskertua nago Gipuzkoako atletismoari. Izan ere, kirol honen atal ezberdinak bizi izan ditut: kirolari, entrenatzaile eta federazioko kide. Azken hori falta zitzaidan eta bete dut. Orain beste bide bat hasiko dut. Beste erronka eta erantzukizun batzuk bilatuko ditut. Seme-alabentzako gure adibidea jarraitzea baliagarria da. Gure lana izan eta, horretatik kanpo beste erronka edo erantzukizun batzuk bilatzea eta haiek hori ikustea garrantzitsua da.