Arteaga II.a, lau eta erdiko promozio txapelketatik at

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urriaren 22a

Axier Arteaga pilotaria ez da lau terdiko promozio txapelketako final-erdietan izango. Igandean, Egigurenek 16-22 irabazi zuen final-erdietarako azken postua erabakitzen zuen partida.

Igandean, Eibarreko Astelena pilotalekuan lau eta erdiko promozio txapelketako partida erabakigarria jokatu zen. Arteaga II.ak eta Egiguren V.ak lehiaketako final-erdietarako txartela eskuratzeko partida irabazi behar zuten. Azpeitiarrak eraman zuen saria.

Arteaga lasarteoriatarrak urduri hasi zuen partida; Egiguren, berriz, sendo agertu zen. Akats ugari egin zituen herritarrak eta hortaz baliatu zen azpeitiarra partidan aurre hartzeko, 2-10.

Atsedenaldia baino lehen ordea, urduritasunak alde batera utzi zituen Arteaga II.ak eta tartea txikitu zuen, 7-10. Atsedena ongi etorri zitzaion herritarrari, tinko agertu zen hurrengo tantoetan eta hamahiruna berdindu zuen.

Tamalez, Arteaga II.a berriro ere partida hasierako akatsak egiten hasi zen eta Egigurenek garaipena bideratzen jakin zuen, 16-22. Ondorioz, herritarra lau eta erdiko txapelketatik kanpo geratu zen.

Hala ere, aurrelariak ez du atsedenik izango aste honetan. Ostiralean, lau eta erdiko txapelketa nagusiko Ezkurdia-Artola partida aurretiko bikotetako lehian izango da, Balmasedan. Aretxabaleta izango du bikote; Olaizola II-Larunbe bikotearen aurka jokatuko dute.