Hirugarren urtez antolatu du Lasarte-Oriako Udalak Gazte Gaua. Ostiral honetan izango da, eta hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izango dute 12 eta 30 urte arteko gazteek.
Arratsaldeko 16:00etan hasiko da egitasmoa. Ordu horretan, futbolin eta pin-pon txapelketa izango da, Gaztelekuan. Txapelketako garaileentzat saria ere prest du udalak; herriako ihes-gelarako sarrerak. Ordubete beranduago (17:00etan), leku berean, Henna, Body painting, zunba eta parkour ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute gazteek.
Iluntzean, Bocabeats taldeak emanaldia eskainiko du. 19:00etan hasiko da, Gaztelekuan, eta ahoarekin egindako soinu eta erritmoeekin gozaraziko dituzte bertaratzen diren ikus-entzuleak. San Pedro Jaietan ere kontzertua eskaini zuten, eta bertan harrera "oso ona" izan zutela gogorarazi du Txus Alonso gazteria zinegotziak.
Hori amaituta, Kulto Kultibo taldea izango da. Irunetik etorriko dira, eta hip-hop, reggae eta rap estiloko musika emanaldia eskainiko dute, Okendo plazan.
Gau festari amaiera emateko, DJ-a izango da. 23:00etan DJ Markelin arituko da herriko plazan.
Guztira 8.800 euroko aurrekontua bideratu du udalak, hirugarren Gazte Gaua antolatzeko, eta dei egiten diete 12 eta 30 urte arteko gazteei ekitaldietan parte hartzera.
Aurten zonbirik ez
Aurreko bi edizioetan zonbiak izan dira nagusi, baina aurten ez dute ekitaldi hori gehitu egitarauan. Bi edizioetan "arrakasta handia" izan duela azaldu du Alonsok, baina ez dute "jendea aspertzerik nahi", eta hemendik aurrerako ediziioetan berriro ere eskainiko dituztela iragarri duen arren, aurtengorako "deskantsu" ematea erabaki dute.