Euskal giroz blaitutako eguna

Maitane Aldanondo 2019ko urr. 20a, 15:02

Azarotik urrira ekarri dute aurten Euskal Jaia, eta larunbat osoan eguraldiak kontrakoa iradoki arren, Okendo plazan egin ahal izan zituzten eguneko ekimen guztiak. Baserritar jantziak soinean, parte hartzeko hamaika aukera izan zituzten goizetik gauera lasarteoriatarrek.

Ekimenez eta euskal giroz beteriko eguna izan zen larunbata, lehen ordutik, azkenekora. Zeruari begira, euri mehatxua  agerikoa bazen ere, Okendo plazan mantendu zuten jaia antolatzaileek. Baita asmatu ere. Baserritar jartzitako herritarrek erakutsi zuten jaiaz gain, horrela ere blaitzeko prest zeudela.
Txistu eta danbolin doinuak esnatu zituen lasarteoriatarren jai gogoak. Sagardotegi plazatik irtenda erdiguneko kaleetan barrena ibili ziren, kantu dantza jirarekin bat egin zuten arte. Kanta ezagunak abestu eta dantzatu ibili zen talde zabala kaleetan barrena. 
Plazan, ordurako, bazen mugimendua. Bertako eta eskuz egindako produktuen azokan begira eta zer erosi zebiltzan batzuk, erdian patata tortila lehiaketako hiru bikote partaideak patata zuritzen, tipula frijitzen edo arrautzak irabiatzen ari ziren bitartean. Bakoitzak berea onena zela uste bazuen ere, umoretsu eta lehiarik gabe aritu ziren. Epaileen erabakia ezagutzean ere ez zuten irribarrea galdu; zabalena, amantala eta sagardo botilak eskuratu zituztenena bazen ere.
Tortilak prest zeudenean, bizkotxo lehiaketan parte hartu zuten gaztetxoak apainketa lanetan hasi ziren. Batzuek, erabat estali zuten ekarritako bizkotxoa horrenbeste txokolate, kolorante, azukre eta bestelako litxarreriak jarrita. Epaile lanetan aritu zirenen moduan, haur askok eskuak eta ahoa ere koloreztatu zituzten. Irabazi ala ez, bizkotxoa nahi adina jateko aukera izan zuten partaideek eta zati bat hartzea izan zutenek.

Telleriak, ezin
Jaki horiei jaisten laguntzeko, Buenabista, Sollaenea, Telleria eta Zubillaga baserrietako sagardo dastaketa egin zuten. Edariari oso lotuta dagoen txalapartak itxi zuen goiza, bingoa amaitzean, herri bazkariaren txanda zela iragarriz.
Paella eta profiterolekin gosea berdinduta, arratsaldeko egitarauari heldu zioten. Haurrak sokatiran, lokotx bilketan edota pilotan aritu ziren 17:00ak arteko tartean. Orduan, Beñat Telleria eta Udane Ostolaza harri jasotzaileek erakustaldia egin baitzuten. Lasarteoriatarrak 100, 125 eta 150 kiloko harriak altxa zituen, udaletxeko atarian dagoena, aldiz, ezin izan zuen sorbalda gainean jarri. 142 kilo baditu ere ez du helduleku errazik, eta saiatuta ere, ez zuen asmatu. Hiru ahaleginetan oso gertu egon zen, baina ezin azken pausoa egin. Edonola, txalo artean eskertu zioten ahalegina itxitura inguruan pilatutakoek. 14 urteko oriotar gazteak, berriz, 65, 42 eta 35 kiloko zilindro, kubo eta bolekin egin zituen altxaldiak, txukun eta azkar. Ikusleak asebete zituen erakustaldiak.
Begira geldi egon ondoren, odola berriro mugitzeko dantza baino bide hoberik ez da. Getariako Soinuz Blai taldeak horretarako bide eman zuen. Kanta ezagunez osatutako erromeriarekin bete zuen ilundu arteko arratsaldea, nekatu arte dantza egin zutenen gozamenerako. Baina zereginik bazen oraindik. Bertsolariak tabernaz taberna ibili ziren herri afaria arte. Orduan bai, euriak ere ezin izan zuen gehiago eutsi eta festara batu zen.

 

Erlazionatuak