Urtero bezala, Lasarte-Oriako Udalak Ostadar SKT-k antolatutako proba babestuko du. Nuria Fernandez zinegotziak eta kirol elkarteko Aitor Azkonobietak agerraldia egin dute gaur arratsaldean akordio horren berri emateko.
Udal gobernuko kideak adierazi duenez, elkarlan horren xede dira kirol proba bat antolatzea eta Tratu on bat Lasarte Oria Un buen trato marka sustatzea. Horregatik, lelo hori duten 3.000 poltsa banatuko dituzte lasterketaren egunean, iaz bezala. Halaber, udalak 2.000€ eman dizkio Ostadarri krosa egin ahal izateko.
2017-2019 hirurtekorako hitzarmena datorren urtean berrituko dutela berretsi Fernandezek eta eskerrak eman dizkio Ostadarreko kideei egiten duten «lan onagatik eta laguntzagatik».
Azkonobietak argitu duenez, krosa kirol proba bada ere, Ostadarrek hasieratik eman nahi izan dio herriko saltokiak, taberna edo jatetxeak egun horretan sustatzeko izaera. Tratu on bat markaz gain, aurten pauso bat harago joango dira, Aterpea Merkatari Elkartearekin erdietsi duten akordioari esker. «Irabazleentzat kopak beharrean bonoak emango ditugu Aterpeako komertzioetan erosketak egiteko. Trofeoetan gastatzen genuen dirua inbertitu egingo dugu herriko komertzioan».
24. krosa izango da aurtengoa, eta 10 kilometroko ibilbidea azken urteetako bera. Horrekin batera, 3. roller lasterketa, eta berritasun gisa, 1. Ipar Martxa proban parte hartzeko aukera ere bada. Izen ematea abian da eta Internet bidez egiteaz gain, lasarteoriatarrek aurrez aurre egin dezakete Manuel Lekuona kultur etxean.