Zaborren gaikako bilketaren alde PSE-EE

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 18a, 11:00

Azken lau urtetan zaborraren gaikako bilketak, Lasarte-Orian,  %12,43ko igoera izan duela azaldu du Iñaki Mugika PSE-EE alderdiko idazkariak

"Zaborren kudeaketarako martxan jarritako parte hartze prozesuak ez du birziklapenarekin zerikusirik, zaborrak jasotzeko edukiontzi sistemarekin baizik". Horrela azaldu du Lasarte-Oriako PSE-EE alderdiak. EH Bilduk, orain egun batzuk gaiaren inguruan egindako azalpenei erantzunez eman ditu argibideak Iñaki Mugikak idazkariak. 

Horrekin batera, Lasarte-Oriak -Gipuzkoako herrien birziklapen tasen ehunekoak kontuan edukita- atzetik Donostia soilik izatea ukatu egin du. "2014. urtean, EH Bilduren legealdian %34,20 birziklapen tasa zuen Lasarte-Oriak, eta 2018an, berriz, %46,63ra igotzea lortu dugu". Hori PSE-EEk zaborrak gaika biltzeko egindako apustuaren emaitza izan dela ere gaineratu du alderdiak. Horrela, herriko birziklapen tasak %12,43ko igoera izan duela azpimarratu du Mugikak.

Etorkizunari begira, baikor

"Atez ateko zabor bilketaren arriskua atzean utzita", zaborren kudeaketan norabide "onean" lanean ari direla uste du Mugikak: "badakigu oraindik ere  egiteko lana badagoela, eta horretan jarraituko dugu". Horrela, zabor organikoaren bilketan indarra egiteko asmoa agertu du PSE-EEk; herritar gehiago erakarri nahi dituzte edukiontzi marroia erabiltzera.