Kataluniari babesa adierazteko adierazpen instituzionala adostu dute EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 17a, 18:08

Katalunia bizitzen ari den egoera "injustua" salatu eta zigortuei babesa adierazi diete hiru alderdiek

EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek adierazpen instituzional bat adostu dute. Ostegun eguerdian aurkeztu dute, eta dei puntu nabarmendu dituzte:

1.- Demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zen, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dute etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

2.- Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak justifikaezinak dira.

3.- Kataluniako 'Próces'-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakarte, eta ezbaian jartzen dute espainiar demokraziaren homologazioa, nazioartean.

4.-Euskal Herritarrei zuzenean eragiten digu Espainiaren erantzun bortitzak, izan ere, herrien borondatea era demokratikoan eta baketsuan erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenaz edo erabakitzeko eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.

5.-Estatuko botereei eskatzen diegu espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzatela, eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.

6.- Elkartasun osoa adierazten diegu Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei eta haien etxekoei, hala nola, Kataluniako herriari eta erakundeei, eta Lasarte-Oriako herritarrei dei egiten diegu, bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuetan, demokraziaren eta askatasunaren alde.