Nekazal Ekonomia eta Kultura nazioarteko foroan parte hartu du Laura Cespedes herritarrak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko urr. 17a, 10:40
Autobus urdin horretan joan da Laura Cespedes foroko hitzaldietara

Lasarte-Orian egindakoa Galiziara eraman, eta ideia berriak ekarri handik. Nekazal Ekonomia eta Kultura nazioarteko foroan parte hartu du berriki, Kataluniako Coworking Elkarteak gonbidatuta. Mota horretako guneen Euskal Herriko ordezkari gisa joan da lasarteoriatarra. "Partekatu ditugun esperientzia guztiak oso interesgarriak izan dira". 

"Esperientzia bikaina" izan da Nekazal Ekonomia eta Kultura nazioarteko foroan parte hartzea Laura Cespedes herritarrarentzat.  Santiagon (Galizia) egon da berriki, hiru egunez. "Foroan partekatu ditugun esperientzia guztiak oso interesgarriak eta onak izan dira; desberdinak, eta bereziak". 

Cespedesek ez zuen izenik eman hara joateko; Kataluniako Coworking Elkartea jarri zen berarekin harremanetan. Ongi ezagutzen ditu lasarteoriatarrak mota horretako guneak: duela bi urte ireki zuen Coworking Lasarte-Oria. "Etxetik lan egiten neramatzan bost urte, eta atera egin nahi nuen; bulegoa egiten hasi nintzenean, ikusi nuen handiegia zela niretzako, eta erabaki nuen lana egiteko espazio hori partekatzea".

Hori da coworking kontzeptuaren funtsa: elkarlana sustatzea eta lankideen arteko harremanak indartzea. Cespedes kontsultorea da, eta kalitatearen alorrean egiten du lan, enpresetan. Tailerrak ere eskaintzen ditu Basque Culinary Centerren. Lasarte-Oriako gunean beste ogibide batzuetan lan egiten duten pertsonekin –diseinatzaile interioristak eta ziurtagiri energetikoen enpresa bat, besteak beste– partekatzen ditu instalazioak eta ideiak. 

Euskal Herriko ordezkaria 

Foroko Feira arloan hitz egin zuen Cespedesek, Euskal Herriko ordezkari gisa. Kataluniatik eta Portugaldik joandakoekin partekatu zuen mahaia. Berak sortutako proiektuaren berri eman zuen hainbat ikus-entzuleren aurrean. "Interesgarria izan zen oso: coworking asko publikoak dira; nirea, berriz, pribatua. Aberasgarria izan zen eredu desberdinen berri izatea".

Lasarte-Orian egindakoa hara eraman, eta ideia berriak ekarri: Brioneseko garapen agentzia, adibidez, sukalde kolaboratzaile bat egiten ari da, parte-hartzaile bakoitzak bertan presta ditzan bere produktuak. 

Cespedesek azpimarratu duenez, eskualde mailan lan egiten duten coworking enpresak biltzen ari dira –Hernani, Usurbil eta Andoaingoak–, ikusteko zer daukaten komunean eta nola has daitezkeen elkarrekin lanean. Sare hori Gipuzkoara zabaldu nahiko luke gero.