Raul Gomez Margallo laugarren Hiru Hondartzeko krosaren 30. urteurrenean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 17a, 09:00
Raul Gomez Margallo Hiru Hondartzetako kroseko lehen kilometroan. Arg.: J. Zatarain.

Lasterketa garaian sartu dira buru belarri korrikalariak. Donostiako Hiru Hondartzetako krosa, 15 kilometrotako Klasika, Lasarte-Oria Bai Krosa! eta Behobia-Donostia. Kilometro pila metatuko dituzte hanketan herriko korrikalariek aste hauetan lasterketa bat edo beste prestatzen

Urriaren 13an, igandean, Donostiako Hiru Hondartzetako krosaren 30. urteurrena ospatu zen. 3.000 bat korrikalari izan ziren irteera puntuan eta 75 herritarrek helmuga zeharkatu zuten. Horietako bi hamar lehenen artean sailkatu ziren. Raul Gomez Margallok 32:16 behar izan zituen 10 kilometrotako ibilbidea egiteko eta laugarren postuan helmugaratu zen; beterano mailan, berriz, bigarren izan zen. Gorka Gil, berriz, hamargarren izan zen, 33:20.

Urnietan, lasterketa berezia izan zen urriaren 12an, Asier Nieblaren oroimenezkoa.

Eraso sexista baten ostean, Asier Niebla hil zenetik urte bat bete da eta bere lagunek haren omenezko lasterketa eta martxa antolatu zuten urriaren 12an. Lasterketan, Gema Tejero herritarra izan zen irabazle.

Martuteneko El Pilar lasterketan ere herritarrak izan ziren parte hartzen. Azkarrena J. Manuel Peña izan zen.

Lasterketetara buelta

Bestalde, igande honetan, 15 kilometroko klasikoa lehiatuko da Donostian.

Hainbat herritarrek parte hartuko dute lasterketa honek aurkezten dituen hiru: 15 km, 10 km. (distantzia berria) eta 5 km.

Herritarrez gain, Ostadar SKTko Atletismo saileko buru eta Gipuzkoako Atletismo Federazioko lehendakari den Amaia Andresek ere egingo du 10 kilometrotako proba berria.

1996. urtean utzi zion Amaiak lehiaketa ofizialetan parte hartzeari. Geroztik, lasterketa herrikoren batean izan da lehian. "Baina, beti ordulariari begira nengoen, ondo pasa gabe".

Oraingoan, beste helburu bat du, "familiarekin disfrutatzea" eta Miniestadioko helmuga zeharkatzeko une magiko hori bizitzea.

Lehiaketara bueltatzeko proba aproposa dela uste du Andresek, "tradizio handik proba honetan parte hartu nahi dut, eta nire ustez, distantzia berri hau aproposa da niretzat eta emakume askorentzat".