Udalak abiatu duen hondakinen kudeaketaren parte-hartze prozesuari "gabeziak" ikusten dizkio EH Bilduk

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 16a, 10:12
Uistin kalean bi lurpeko zaborrontzi daude gaur-gaurkoz.

Koalizio abertzaleak uste du "oinarritik" heldu behar zaiola zaborren arazoari Lasarte-Orian: "Arazo nagusia da herriaren birziklapen-tasa baxua; Gipuzkoako eskasena da, Donostiakoaren atzetik".

Lasarte-Oriako EH Bilduk salatu du "azalekoa eta sinplea" dela udalak martxan jarri duen parte-hartze prozesua: herritarrek erabaki behar dute lurpeko zaborrontziekin jarraitu nahi duten, edo ordezkatu, gainazalean jarrita. "Herriak hondakinen kudeaketarekin daukan arazo nagusia ez dira lurpeko zaborrontziak, birziklapen-tasa eskasa baizik". Donostia eta gero, Lasarte-Oriarena da birziklapen-tasa apalena; zaborraren %49 biltzen da gaika. Koalizio abertzaleak galdegin dio udalari hondakien kudeaketaren arazoari "oinarritik" heltzea, eta birziklapen-tasa handitzeko "neurri zuzentzaileak" hartzea. "Birziklatzen diren hondakinen ehunekoa oso baxua da".

Arestian aipatutako lurpeko zaborrontzien parte-hartze prozesuari "gabeziak" ikusten dizkio Lasarte-Oriako EH Bilduk: "Herritarrei ez zaie nahikoa informazio helarazi; zenbait ataritan, Goikale eta Zabaletakoetan adibidez, ez dute bileren gaineko oharrik jarri; eta ez da diagnostiko zehatzik burutu".

EH Bilduk asteleheneko udalbatzarrean ere hitz egin zuen gai horri buruz: galdera eta erreguetan galdetu zion udal gobernuari ea zergatik ez zaizkien bileren deialdiak iritsi zenbait auzotan bizi diren herritarrei. Alkateak erantzun zien Eulen enpresa dela deialdiak banatzearen arduraduna, eta galdetuko diela ea zergatik gertatu den hori.