Promozioa saihestu nahi dute Intzako bikoteek

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 15a, 14:00
Haritz Urkia partida jokatzen, artxiboko irudi batean.

Intza pilota elkarteko senior mailako bikoteak lehen faseko azken txanpan sartu dira. Bi partida falta zaizkie eta helburua maila mantentzea da. Lau eta erdiko promozio txapelketan, berriz, Arteaga IIak Egiguren V garaitu beharko du final-erdietan izateko

Denboraldi hasiera ederra izan zuen Haritz Urkia eta Gaizka Iruretagoyenak osatutako 2. mailako bikoteak. Lehen hiru partidak irabazi eta sailkapeneko lehen postuetan zen, igoera posible ikusten zen. Azken bi partidetan izandako porrotek, ordea, egoera aldatu dute. Lehenengo astean, esate baterako, Añorgaren aurka 22-3 galdu zuten. 

Sailkapenean behera egin eta egun, laugarren postuan dira. Promozio postuetan ez egoteko borrokatu beharko du bikoteak azken jardunaldietan. Aste honetan, Epleren aurka jokatuko dute eta hemendik bira Mundarro izango dute aurrez aurre.

Lehen mailako seniorrak gehiago lan egin beharko du maila mantentzeko. Sailkapenean zazpigarren postuan dago. Postu horretan mantendu edo seigarren postura igota ere, promozioa jokatu beharko du.

Lehengo larunbatean Azkoitiaren aurkako norgehiagokan ez zuen aukerarik izan Artetxe-Elola bikoteak, 12-22. Azkoitiarrak nagusi izan ziren hasieratik eta erasoei eustearekin nahiko izan zuen herriko bikoteak. 

Ostiralean, Orioren aurka jokatuko dute partida eta azken jardunaldian, Behar Zana izango dute arerio. 

Garaipenaren bila

Profesional mailan ere lana izango du Axier Arteaga herritarrak. Lau eta erdiko txapelketan aurrera egiteko Egiguren V garaitu beharko du Baiko pilotako aurrelariak. Lehia bizia espero da, biek bana puntu dituzte eta garaipena eskuratzen duenak lortuko du final-erdietarako txartela.

Igandean, Elordiren aurka jokatutako partidan lortu zuen puntua Arteaga IIak. 

Kostata, baina 19-22 gailendu zen. Herriko pilotariak erritmoa ezarri zion partidari. Ziur jokatu zen eta errematean ez zuen hutsik egin. Lehen atsedenaldira 4 eta 12koarekin iritsi zen.

Elordik, ordea, ez zuen amore eman eta epaileen erabakiak tarteko, tartea txikitu eta berdinketa lortu zuen, 18-18. Azken tantoetan Arteagak aukerak ongi baliatu zituen aurre hartu eta partida irabazteko.