Lasarte-Oriak elkartasuna adierazi dio Kataluniari

Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia jakin ostean, asko izan dira elkartasuna adierazi dutenak. Lasarteoriatarrek ere epaia arbuiatzearekin batera, babesa adierazi diete zigortuei

Astelehen arratsaldean bat egin dute lasarteoriatarrek, Okendo plazan, Kataluniari elkartasuna adierazteko. Gure Esku Dagok deituta, mobilizazio zaratatsua egin dute.

Espainiako Auzitegi Gorenak 9 eta 13 urte arteko  kartzela zigorrak ezarri dizkie 2017. urteko urriaren 1ean erreferenduma ahalbidetu zuten buruzagi sozial eta politiko subiranistei.  Horren aurrean, auzitegiak hartutako erabakia "demokraziaren aurkako eraso larria" dela irmo salatu dute. 

Epaia salatzearekin batera, prozesu judizala ere injustua izan dela azpimarratu dute: "arbitrariotasunez betea izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritua, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dituzte". Horregatik, epaiketa politikoaren amaiera justua "absoluzioa" litzatekeela ozen aldarrikatu dute hilabeteotan. 

Erreferenduma kriminalizatu

'Erreferenduma ez da delitua, askatasuna' lelopean bildu dira herritar ugari, Okendon. Erreferenduma herri baten etorkizuna modu libre eta demokratiko batean erabaki ahal izateko "tresna demokratikoa" dela nabarmendu dute, eta Euskal Herrian tresna horren erabilera egin nahi dutela ere gogorarazi dute.

Horrekin batera, erreferendum bitartez Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzeko lantzen ari diren herri ekimenaz ere hitz egin dute: "gure etorkizuna erreferendum bidez erabaki nahi dugu, eta hori lortzeko bidean ez dugu atzera egingo". 

Altsasuko gazteak ere gogoan

Kataluniako zigor epaiaren aurkako mobilizazioak ere gogoan izan ditu Altsasuko gazteak, eta horien askatasuna ere eskatu dute. Errepresioaren eta 155. artikuluaren ezartzearen mehatxuen bidez, "beldurtuta, etsita eta burujabetza asmoak lortzeko itxaropenik gabe" nahi dituztela azaldu dute, baina aurrera egiteko "ilusioz eta determinazioarekin" erabakitzeko eskubideari bidea irekiko diotela argi jakinarazi dute. 

Urriaren 19an, manifestazioa

Injustizien aurka eta oinarrizko eskubideen alde, elkarrizketa eta konponbidearen bidean, manifestazioa nazionala deitu dute, Donostian, urriaren 19rako. Bertan, Kataluniako auziko presoen askatasuna eskatzearekin batera, oinarrizko eskubideen alde eta herrien eskubide kolektiboen alde ere aldarrikatuko dira: "elkarrekin, Kataluniarekin bat eginik".