Globo eta zapi arrosak, bularreko minbizia dutenei elkartasuna azaltzeko

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 14a, 18:46

Urriaren 19an, larunbatean, Bularreko Minbiziaren Aurkako Eguna da, mundu mailan. Gaitza dutenei babesa adierazteko, herriko merkatariek globo eta zapi arrosekin beteko dituzte erakusleihoak

Minbiziaren aurkako elkartearekin egitasmoarekin bat egin dute Lasarte-Oriako Aterpea Merkatarien Elkarteko hainbat establezimenduk. Berrogeita hamar baino gehiago izango dira parte hartuko dutenak. Dendak koloreztatzearekin batera, larunbatean erosketak egitera gerturatzen diren bezeroen artean, eskumuturrekoak ere banatuko dituzte.

Horrela, gaixotasuna duten emakumeei, eta horien ingurukoei, elkartasuna adierazteko bat egin dute sentsibilizazio kanpainarekin, eta osasun arloko arduradunei eskaera garbi bat eginez amaitu dute astelehen goizean, egitasmoa aurkezteko ekitaldian: gaitza aztertzen jarrai dezatela.

2018. urtean diagnostikatu diren minbizia kasuen artean, bularrekoa izan da bigarrena. 539 kasu berri hauteman zituzten pasa den urtean.

Doako laguntza

Minbiziaren aurkako elkarteak gogorarazi du minbizia dutenentzat, edota horien ingurukoentzat doako laguntza eskaintzen dutela. "Psikologo eta onkologo taldearen arreta jaso dezakete".