Udazken beroa pentsio duinak aldarrikatzeko

Nerea Eizagirre 2019ko urr. 12a, 09:00
Lasarte-Oriako Pentsiodunen eta Erretiratuen Koordinakundeko kideak, batzar baten ostean.

Jesus Oceja eta Marisa Zubiri Lasarte-Oriako Pentsiodunen eta Erretiratuen koordinakundeko kideak

Pentsiodunen aldarria Madrilen entzungo da urriaren 16an. Hori ez da udazken honetan egingo dute ekimen bakarra, mobilizazio gehiago aurreikusten dituzte

 

Lasarte-Oriako koordinakundeko kideek ez dute atseden askorik izan uda honetan. Batzuk Bat-Etorri kolektiboaren sorreran izan dira lanean, eta, beste batzuk,  urriaren 16an Madrilen egingo den manifestaziorako autobus bidaia antolatzen. 2018ko urtarrilean kalera atera ziren haien aldarrikapenak egiteko. Ez da aldaketarik egon eta bost eskaerekin aurrera darraite: 1.080 euroko pentsio duinak; KPIaren igoera; emakume eta gizonen arteko soldata arrakalarik ez; pentsio publiko duinak eta ez pribatuak; eta, azkenik, 2011. eta 2013. urteetako legeak bertan behera uztea.

Pentsiodunen aldarrikapenek Lasarte-Oriatik Madrilera egingo dute saltoa urriaren 16an...
Jesus Oceja: Ez gureek bakarrik. Madrilgo manifestaziora probintzia guztietako autobusak joango dira. 

Ez dakigu zergatik, baina guri egokitu zaigu Gipuzkoako autobusak antolatzea eta oso pozik gaude, bosgarren autobusaren bidean gaude-eta. 270 bat pertsona izango dira Madrilera joango direnak.

Marisa Zubiri: Egunean bertan joan eta etortzeko bidaia izango da eta askorentzat oso egun nekeza izango da. Baina jendea erreibindikatzeko gogoekin dago.

Baina autobusez ez ezik, oinez ere badoa jendea...

M.Z.: Duela bi astetik badaude bi zutabe: bata iparraldetik, Bizkaitik zehazki atera dena eta bestea Andaluziatik. Madrilera bidean daude eta bertan bat egingo dute autobusez joango garenokin.

Madrilen txaleko horiak eta txapela horiak jantziko ditugu; jendeak ez dezan pentsatu paseoan goazela. Gure eskaerak idatziz aurkeztuko dizkiogu momentuan dagoen politikariari eta ea nork eta zer erantzuten duten. Erantzun behar dute. Orain ez bada, hemendik hiru edo bost urtera, baina norbaitek erantzun beharko du. Gu ez gara nekatuko.

Hauteskunde berriak datoz. Zer  egingo du pentsiodunen mugimenduak?

M.Z.: Pentsioen alde egiten dugun pertsonek gure eskaerekin bat datorren alderdiaren alde egingo dugu. Dena delakoarekin. Guk gure eskaerei irtenbidea ematea nahi dugu, ez besterik. Horregatik, gure goiburua Edonork gobernatzen duela ere, pentsioak babestu behar dira da. 

Manifestazioaz eta asteleheneroko bilkurez gain, mobilizaziorik aurreikusten duzue?

J.O.: Urriaren 1ean, adineko pertsonen nazioarteko eguna izan zen eta Lasarte-Orian igandean egin zen bazkarian solasaldi txikia egin genuen. Mugimendu pentsionistari buruz hitz egin eta Madrilera joateko gonbita egin genien. 

Bestalde, EAE eta Nafarroa mailan manifestazio bat antolatzen ari da, Espaniar Estatu osoan ere egitea espero da. Azaroan izango da, udazken beroa deritzogunaren barruan. Data oraindik zehazteke dago. Baina udazkena beroa izango da.

Bat-Etorri kolektibo berria ere sortu da, zertan datza?

J.O.: Pentsionisten mugimendua hain da anitza eta transbertsala, non plataforma batzuk mugimendu pentsionista eta beste mugimendu batzuk nahasten joan diren. Gipuzkoako gehiengoak zenbait arlo edo ekimen beste eragile batzuei dagozkiela uste dugu. Hala nola, greba orokor bat sindikatuei dagokiela uste dugu, edo Martxoaren 8ko mobilizazioak, mugimendu feministari. 

Bi korronte horien artean pauso txikiak egon dira elkar ulertzeko, eta, ondorioz, Bat-Etorri kolektiboa sortu da irailaren 1ean. Horretan, Gipuzkoako plataformen %90a eta hainbat erakunde edo elkarte bildu gara pentsionistek pentsio duinen aldarrikapena soilik egingo dugula baieztatzeko. Horrek ez du esan nahi, gure aldarrikapenak egiteko tartea ematen digun beste mobilizazio batean parte hartuko ez dugunik. 

Bat-etorri kolektiboan talde bat egon da astero lan egiten, gure ikuspuntutik, pentsioen mugimenduak dituen oinarriak eta arrazoibidea zehazteko. Madrilen argitara emango da ziurrenik eta jendeari banatuko zaio. Gure arloa ez da politika, gure eremua pentsioak dira eta horiek hobetzeko lan egitea.

Belaunaldi berriak ere zuen mugimenduan nola txertatu pentsatzen ari zarete, ezta?

M.Z.: Gure kezketako bat etorkizunetako langileek pentsioak izango ote dituzten da. Arazoaz eta errealitateaz kontziente izatea nahi dugu. Langile askok etsi dute, pentsiorik jasoko ez dutela pentsatzen baitute. Horregatik, gazteei gure aldarrikapenen berri eman nahi diegu. 

Aurreko ikasturtean institutuan egon ginen gazteekin hizketan, eta harrera oso ona izan zuen. Horrelako ekimenei jarraipena eman nahiko genieke. 

Talde edo mugimendu ezberdinetara ere iritsi nahi dugu. Orain ez dira horiek protagonistak, lanean edo ikasten daudelako, baina etorkizunean haiek borrokatu beharko dute pentsioen alde. Guk beste batzuen lema hartu dugu eta hurrengo belaunaldietan hazia ereiteko betebeharra dugu. Hurrengoek gure testigua hartu nahi izatea da beste kontua. Horrela ez bada, guztia galduko dugu. Ez baita oraingo arazoa; etorkizunean ere egongo den arazoa da.