Naroa Salsamendi eta Imanol Arteaga bikoteak proba luzea egin zuten. Urtegi inguruko 34,7 kilometroko ibilbidea egin zuten lasarteoriatarrek, Ibilbidean zehar, hamazazpi tartetan korrika eta hemeretzi tartetan igerian egin behar izan zituzten.
Salsamendiren lehen aldia zen proba honetan; Arteagak, berriz, iaz egin zuen lehenengoz, Asier Gorostegirekin. "Lehengo urtean parte hartu nuen eta Naroari polita iruditu zitzaion bikotekako proba izatea. Aurten biok egitera animatu gara. Proba modura Gironan egin genuen bat apirilean, eta, ongi joan zela ikusita, lasterketa luzea egitera animatu ginen".
Proba aurreikusi bezala joan zela azaldu digu Arteagak. "Lasai hartu genuen hasieran. Proba erdian, nekea pilatzen doa, baina aurrera egitea lortu genuen. Gure helburua bost ordu eta erdian amaitzean zen eta bi minutu gehiago behar izan genituen".
Enaitz eta Iñigo Ibarburu anaiek eta Asier Gorostegik eta Mikel Izagirrek osatutako bikotek, berriz, ibilbide motza egin zuten. 19,6 kilometroko proba: 16,7 kilometro lasterka eta 2,9 km. igerian.
Ibarburu anaiek duela bi urte parte hartu zuten lehenengoz proba motzean eta orduko denbora hobetzea zuten helburu.
Iñigok onartu duenez, prestaketa falta sumatu zuen lasterketan eta 30 segundo besterik ezin izan zituzten irabazi. "Indartsu hasi genuen proba. Lehenen artean joan nahi genuen. Trinkoko beste bikotearekin pike sanoa izan genuen 6. kilometroan eta hurrengo igeriketa zatian atzean utzi genituen. Zuatzatik bigarren aldiz pasatzean muskularki eta hauspoz hustu nintzen. Behin geratu behar izan nuen, bareak helduta. Azken kilometroetan eta tarteetan Enaitzen erritmoa mantentzen saiatu nintzen".
Asier Gorostegi eta Mikel Izagirrerentzat abentura izan zen. Bikote bezala lehen aldia zuten eta Izagirrek estreinekoz egiten zuen proba.
Aurreikusi bezala, 02:45etik gertu iritsi ziren helmugara. Izagirrek "oso gustura" amaitu zuen; Gorostegiri luze egin zitzaion ordea. "Iaz proba luzea egin nuen eta motza azkarragoa da. Mikel ni baino hobeto prestatua zegoen eta, nahiz eta lasai hartzeko asmoa izan, bere erritmoa mantendu behar nuen".