Irudikatu zaitez datorren astean euskal jaietan une batez. Herri bazkaria aurrena, lagun artean, jai giroan. Mus partida jokatuko duzue ondoren, eta Loidibarren frontoian antolatutako pilota partida ikustera joango zara arratsaldean. TXINTXARRIk atera ditu partiduko argazkiak. Ator txuriarekin eta baserritarrez jantzita irten zara kalera goizean, gaua hasten denerako zikindu zaizu pixka bat.

“Afaldu denbora galdu” esaten dute lagunek, baina zu gosetuta zaude eta joan zara patateroen furgonetara sandwich baten bila. Demagun han dagoela Beñat (edo Oihan edo Jokin, edo Ainara edo Aratz edo Jon Ander...). Herriko ezagunak dituzu. Urte batzuen gorabeheran aritu zarete gazte mugimenduan, gaztetxean, herriko taberna giroan, musika eskolan...

Afalduta joan zara Jalgira dantza pixka bat egitera. Baina bete-betea dago, eta goizaldeko 1etarako nekatuta zaude. Azken buelta bat Ilargira, eta ondoren etxera egin duzu. Kamiseta zuriarekin.

Biharamunean ikusi duzu mezua: “Mikel (esan nahi baita Adur)! Liskarra Ilargin”. Ertzaintza ere etorri dela, baina azkenean, zauritutako lagunak bertan artatuta etxera joan direla. Beñatek dio bera ere Jalgin zegoela eta abisatu ziotenerako taberna kanpoan zela liskarra. Bideoz hartzen saiatu zen, baina ez zioten utzi. Mirenek (esan nahi baitu Ainarak) Trumoien egiten zuen lan eta liskarren berri izandakoan joan zen Ilargira. Ertzaintza harekin hasi da eztabaidan.

Demagun lau lagun horiek Guardia Zibilak eta haien emazteak direla, demagun Espainiako Auzitegi Nazionalak ez dituela Txintxarriko argazkiak frogatzat hartu. Demagun halako jai egun bateko taberna bateko liskarraren auziaren epai irmoa duzula hiru urteko kartzelaldiaren ostean: bederatzi urte eta erdi. Demagun hau ez dela Lasarte.