Kale Nagusia oinezko eta bizikletentzat izatea proposatuko du EAJk udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 9a, 14:00
EAJko zinegotzi Boris Nogales eta Jon Antxordoki mozioaren aurkezpenean.

Lasarte-Oriako barne mugikortasunari buruzko mozioa aurkeztuko du EAJk astelehenean egingo den ohiko udalbatzarrean. Bidegorri sareako proiektu berria osatzeko 2020 urteko aurrekontuetan diru partida bat egotea ere eskatuko du. Bestalde, Atsobakar kirol eremuko afera konponduta proiektuan aurrera pausoak emateko eskaera ere egin dio alderdi jeltzaleak udalari

Eskaera nagusia asteburuetan Kale Nagusia Tajamarreko biribilgunetik Ola Kalera itxi eta astean zehar eremua 30 gune izatea da, oinezko eta bizikletek lehentasuna izateko.

Bestalde, bidegorri sarea osatu behar dela uste du alderdi jeltzaleak eta horretarako 2020 urteko aurrekontuetan proiektua berritzeko dirua aurreikustea eskatzen du. "Interesgarria iruditzen zaigu, Erribera kalea eta Oria Etorbideko bidegorriaren lotura konpontzea, arkupeekin eta oinezkoentzako pasabide batekin, baina uste dugu ez dela nahikoa udalerriko bidegorri sareari erantzun bat emateko," azaldu du Jon Antxordoki EAJko bozeramaileak. 

Eskaera horretan gainera, herritarren parte-hartzea ere aurreikusten du alderdi jeltzaleak. "Eta interesgarria iruditzen zaigu bidegorriaren barne-sare berria parte-hartze prozesu baten bidez egitea, herritarrek orokorrean, kirol-elkarteek eta ikastetxeetako guraso-elkarteek ere parte har dezaten".

Atsobakarreko kirol eremua 

Bestalde, EAJk Usurbil eta Lasarte-Oriako udalen arteko desadostasunak bideraturik, Atsobakarreko kirol ekipamenduarekin "buru-belarri jartzea" eskatu dio alkateari prentsa ohar bidez adierazi duenez.

Usurbilgo udalak irailaren 26ko udalbatzarrean onartu zuen Atsobakarreko espazio publikoaren antolamendu xehatuaren hasierako aldaketa. “Usurbilek erreklamazioak aurkezteko hogei eguneko epea zabaldu zuen irailaren 27an; gure ikuspuntutik, herritarrentzako hain onuragarria izango den proiektuari, nork erregistra dezake erabaki honen kontrako erreklamaziorik? Horregatik eta Mitxelingo kirol gune berriaren parte-hartze prozesua ireki dela ikusirik, Lasarte Oriako alkateari Atsobakarreko guneari bidea ematea eskatzen diogu."

Era berean, ospakizun zibilen araudi proposamenari lau zuzenketa aurkeztu dizkiola ere jakitera eman du EAJk.

"Ekarpenak ospakizun zibilen araudia zabaldu eta herritarrak ospakizun zibilak egiteko bideak erraztera zuzenduak dira," EAJren aburuz.

Zuzenketak honakoak dira: eskaerak bide elektronikotik egin ahal izatea, bi eztei mota ezberdindu, ohiko ezkontza eta sinadura ekitaldia, eta azken horren eskaera epea bi hilabete baino gutxiagokoa izatea, erabiltzaileak lokalak erabili ostean guztia jasotzea eta azkenik, hiletetan zerraldoa bertan ez egotea.