Erregionalen Gorengoa, goiko postuetan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 9a, 09:48

Urrezko puntua poltsikoratu du Ostadar SKTk asteburuan: bana berdindu du Allerruren aurka, kategoriako oilarretako baten aurka. Liga hasi denetik ez dute partida bakar bat ere galdu urdin-beltzek; laugarren postuan dira, zortzi punturekin.

Sasoi betean ekin dio ligari Erregionalen Gorengoak. Lau partida jokatu ditu orain arte, eta guztietan poltsikoratu ditu puntuak: bi irabazi ditu, eta berdindu beste biak. Azkena, joan den asteburuan, kategoriako oilarretako baten aurka: Ostadar SKT 1-1 Alerru KJKE. Julen Bermejo erdilariak sartu zuen urdin-beltzen gola, 63. minutuan. Etxean urratutako puntuarekin, zortzi ditu Raul Rodriguezek zuzendutako taldeak; laugarren postuan da sailkapenean.

Ohorezko Erregionalak ezin izan zuen sasoiko bigarren garaipena erdietsi; 1-3 galdu zuen Nerea Quiñonesek eta Alex Altunak zuzendutako taldeak Leintz Arizmendiren aurka. Ederki ekin zion neurketari herriko taldeak, eta berehala aurrea hartu markagailuan: 10. minutuan sartu zuen 1-0ekoa Nora Unanuak. Donostiarrek berehala sartu zuten banakoa, ordea; beste bi golak, aurreneko zatia bukatzetik gertu. Saiatu ziren urdin-beltzak egoerari buelta ematen, baina ezin izan zuten. Lau puntu lortu dituzte hiru partidatan, eta zortzigarren postuan dira.

Jardunaldiko emaitzak

Hauek izan dira kategoria desberdinetako taldeek asteburuan erdietsitako emaitzak: 

  • Erregionalen Ohorezko Maila: Ostadar SKT 1-3 Arizmendi KE
  • Erregionalen Gorengoa: Ostadar SKT 1-1 Allerru KJKE
  • Jubenilen 1. maila: Ostadar SKT 7-0 Euskalduna SD
  • Kadeteen Ohorezko Maila: Añorga KKE 5-2 Ostadar SKT
  • Kadeteen 1. Maila: Danena KE 6-0 Ostadar SKT
  • Infantilen Ohorezko Maila: Beasain SD 3-3 Ostadar SKT