EUSKAL JAIA

Euskal Jaiak girotuko du Lasarte-Oria, urriaren 19an

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 9a, 09:55

Hamaika ekintzatan parte hartzeko aukera izango da, larunbatean. Egun osoko egitarau zabala antolatu du Ttakun Kultur Elkarteak, herriko zenbait eragilerekin batera

Goiz goizetik gauera arte euskal giroak hartuko du, Lasarte-Oria, urriaren 19an. Ttakun Kultur Elkartearen eskutik, Euskal Jaia ospatuko dute. 

09:30ean Dianaren doinuekin esnatuko dira lasarteoriatarrak. Horren ostean, 11:00etan, Kantu Dantza Jira txikia abiatuko da kaskoan barrena, eta ordu erdi beranduago, tortilla patata lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Behin su artean martxa hartuta, gaztetxoentzako (9 eta 12 urte bitartekoentzako) bizkotxo lehiaketa izango da, 12:00etan.

Eguerdiko gosea arintzeko, sagardo dastaketan Lasarte-Oriako bost sagardotegitako edaria dastatu ahal izango da. 12:30etan hasiko da. Horren ostean, bazkari herrikoia antolatu dute, Okendo plazan (14:00etan). Tiketan Ttakun Kultur Elkartean eta Jalgi Kafe Antzokian daude salgai. Hilaren 15era arte izango da horiek erosteko aukera, eta bi prezio finkatu dituzte; 10 euro helduentzat, eta 6 euro gaztetxoentzat.

Arratsaldeko herri-kirolen erakustaldiak ere ez du hutsik egingo aurten. Ostolaza aita-alabak eta Beñat Telleria arituko dira harri jasotzen, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Indar neurtze proba amaituta, musika izango da nagusi. 18:00etan, Soinuz Blai erromeriak girotuko du arratsaldea ordu eta erdiz, eta Oaintxe In Deu txarangaren txanda izango da gero (19:30). Azken musikari horiek ez dira bakarrik arituko; Iker Ormazabal, Julene Iturbe, Aner Peritz eta Lierni Recondo bertsolariek lagunduta ibiliko dira kaleetan barrena.

Gaueko dantzaldi eta kirol tarteari hasiera eman aurretik, herri afaria antolatu du Sorgin Jaiek. Okendo plazan izango da, gaueko 21:30ean. Afalostean musika izango da nagusi kalean eta tabernatan, eta egunarekin amaitzeko, Euskal Olinpiadak egingo dituzte (00:00etan). 

Egun osoan, azoka

Egun osoko egitarauarekin batera, bertako produktuen, eskulanen eta bestelako salgaien azoka ere izango da Okendo plazan. 

Eguraldi txarra eginez gero, Oriarte-Landaberri ikastetxeko estalkira lekualdatuko dira ekintza nagusiak. 

Erlazionatuak

Euskal Jaia

Erabiltzailearen aurpegia IƱigo Gonzalez Sarobe 2018 aza 11 Kultura