Uzta oparoa asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 7a, 18:21

Eguzki klubak bost talde federatu atera ditu aurten. Horietatik lauk jokatu dute asteburuan; guztiek pilatu dituzte puntuak. Irabazi egin dute bi seniorrek; bi jubenilek, berriz, berdindu. Atseden hartu du Eguzki ISU Leihoakek.

Asteburua ez da perfektua izan, baina ia-ia. Eguzki klubeko lau talde federatuk jokatu dute asteburuan; lauek poltsikoratu dituzte puntuak. Irabazi egin dute bi seniorrek; jubenilek, aldiz, berdindu. Gipuzkoako 2. mailako Eguzki ISU Leihoakek atseden hartu du jardunaldi honetan. Kategoria bat gorago ari da lehiatzen Eguzki Aldaz Hortz Klinika. Ezin hobeto ekin dio ligari. Pasa den astean bezala, irabazi egin du, 4-2, Herrikideren aurka. Bitik bi. Liderrak dira.

Senior mailan ari den Eguzki Garoa Tabernak etxetik kanpo egin du debuta. A zer nolako debuta: 1-7 garaitu du Teep Samaniego Orixe, Tolosako Uzturpe pilotalekuan. Berde-horiak nagusi izan ziren ostiralean jokatutako norgehiagokan, hasi eta buka. 

Eguzki 2KN taldeak ere Tolosan jokatu zuen asteburuan, eta hiru puntuak bueltan ekarri Lasarte-Oriara: 4-6 irabazi zion Laskorain KEri. Eguzki Balerdi Harategiak denboraldiko aurreneko puntua zakuratu zuen larunbatean, Maialen Chourraut kiroldegian. Kutturru KErekin neurtu zituen indarrak, eta hiruna berdindu.