Buruntzaldeako XII. Ibilbideen Eguna egingo dute igandean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 8a, 12:00

Bost bide prestatu dituzte eskualdeko udaletako kirol zerbitzuek iganderako: ibilbideen egunaren hamabigarren edizioa egingo dute. Horietatik hiruk zeharkatuko dute Lasarte-Oria. Ostadar SKTko mendi sailak proposatu du herritik Andoainera joatea mendian barrena, Buruntzara igota. 09:00etan aterako dira, San Pedro elizatik.

Buruntzaldeako XII. Ibilbideen Eguna antolatu dute eskualdeko udaletako kirol zerbitzuek. Igande honetan izango da, 08:00etatik 14:00etara. Bide horietako batzuk herritik igaroko dira. Lasarte-Oria eta Andoain bitartekoa –7,9 kilometro ditu luze–, esate baterako: Ostadar SKTko mendi saileko kideek proposatu dute mendian barrena egitea, Buruntzara igota. 09:00etan aterako dira, San Pedro eliza alboan egongo den postutik. Bertan izena eman beharko dute interesa daukatenek.

Herritarrek badituzte aukera gehiago iganderako: joan daitezke Lasarte-Oriatik Urnietara, oinez edo bizikletaz. 3,9 kilometrokoa da ibilbide hori. Edo beste hau: Lasarte-Oria-Usurbil-Aginaga, 9 kilometrokoa. Hori ere oinez edo txirringaz egin dezakete. Bideei buruzko informazio-panelak jarriko dituzte herrian; trazatuak, profilak eta distantziak erakutsiko dituzte. Aurten berritu dituzte. Udalerri bakoitzari identifikazio-kolore bat eman diote: Lasarte-Oriarena urre zaharra da. 

Ibilbideen egunean parte hartzen duten herritarrek autobusean bueltatu ahalko dute Lasarte-Oriara. Aginagan dagoen gasolina-zerbitzugunetik, Ezpaldikotik, aterako dira ibilgailuak; 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan. Tajamarreko biribilgunean egingo dute geldialdia, ordu laurden beranduago. Zerbitzu hori erabili nahi dutenek ibilbideak hasi aurretik jasoko duten txartela aurkeztu beharko dute, zigilatuta.

Eskualdea ezagutarazteko 

Joan den astean aurkeztu zuten Buruntzaldeako XII. Ibilbideen Eguna eskualdeko udaletako kirol zerbitzuetako arduradunek. "Buruntzaldeako landa-ingurune naturalaz gozatu dezakegu egitasmo horri esker. Edozein publiko motarentzat aproposa da; helburua ez da lehiatzea". 

Bost ibilbide diseinatu dituzte antolatzaileek. Horietatik hiruk zeharkatzen dute Lasarte-Oria. Beste bi bideak hauek dira: Andoain-Urnieta, 4,8 kilometrokoa; eta Andoain-Usurbil, 14,9 kilometrokoa. 

Kontrol eta anoa postu bat egongo da herri bakoitzean –Usurbilen, bi–, argibideak emateko eta janaria eta edaria banatzeko. Lasarte-Oriakoa San Pedro eliza ondoko plazan jarriko dute, 08:00etatik 14:00etara.