178.015,84 euroko dirulaguntza hitzartu du udalak Ttakun Kultur Elkartearekin

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 7a, 12:12

Herritarren hizkuntza ohiturak astintzeko zazpi programa handitara bideratuko du elkarteak diru sorta

Pasa den astean sinatu zuten ikasturte berrirako (2019-2020) hitzarmena udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak. Orain arte bezala, lasarteoriatarren hizkuntza ohiturak astintzen jarraituko du elkarteak, eta 178.015,84 euroko diru sortaren bidez, bi entitateek, elkarrekin landurako lan lerro eta programak gauzatuko ditu Ttakunek. 

Guztira zazpi programa garatuko ditu elkarteak ikasturtean zehar. Hedabideen alorrean, Txintxarri aldizkaria (paperezkoa eta digitala) babestuko du hitzarmenak. Horrekin batera, Aisiak barne hartzen dituen Gaztekluba, Amaraun Kluba eta Kuadrillategi egitasmoetara ere bideratuko da diru sortaren zati bat, eta baita helduen euskalduntzerako  programetara ere; Solaskidera, Gurasolandiara eta Gurasolagunera hain zuen.

Kulturari dagokionez, Euskararen Eskutik programaren bitartez, Euskal Jaia eta Udaberriko Bertso Saioa ere lagunduko du hitzarmenak, eta baita beste zenbait ikastaro ere. 

Guzti horrekin batera, Euskaraldia ere elkarrekin antolatuko dute bi entitateek. 

Elkarteari bideratutako diru kopuruak hala behartuta, bi auditoria bidez likidatu beharko ditu kontuak Ttakunek. 

Elkarlanaren garrantzia

Mari Karmen Ormazabalek,Ttakun Kultur Elkarteko lehendakariak, udalaren eta elkartearen arteko elkarlana azpimarratu du: "hitzarmena eredugarria da bi erakundeen artean, herrian egiten ari den lanagatik".