Musika, kirola eta herri bazkaria adinduak aintzatesteko

Maitane Aldanondo 2019ko urr. 6a, 20:00

Pertsona adinduen omenezko asteak lanpetuta izan ditu herriko jubilatuak asteburuan. Biyak Bat Jubilatu Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatutako jardueretan jendetsuena gaurko herri bazkaria izan da.

Osasuntsu eta sasoiko daudela erakutsi dute Biyak Bateko kideek egunotan, zainduz gero, adina zenbaki hutsa besterik ez dela. Ostiral arratsaldean lerroko dantza erakustaldia egin zuten, eta atzo goizean, martxa erregulatuan parte hartu zuten 39 bikotek. 09:30ean Okendotik irten eta leku berean amaitzen zen ibilbidea osatu behar zuten 12:30ean ezarritako ordu muga baino lehen. 37 bikotek lortu zuten eta irabazleak Irene Solana eta Lucia Sogo izan ziren. 1:41’38” behar izan zuten bidea egiteko.

Oinez gain, ahotsez ere ondo daudela erretiratuak; abesbatzako kideak, bederen. Emanaldi bikoitza egin dute asteburuan. Atzo arratsaldea Ama Brigitarren komentuan Eibarko Uzaga koruarekin aritu ziren. Gonbidatuek amaitu eta etxekoak kantuan hasi aurretik, abesbatzako zuzendariak eskerrak eman zizkien «existitzeagatik» aiton-amonei. «Txikitatik aiton-amonak izan ditut eta ez daki zer egingo dudan ez daudenean», gogoratu zuen eta kaperan zeudenen txaloak jaso zituen. Hitz politen ondoren, ahots are ederragoek “Txoria txori” edo “Erribera” bezalako kanta ezagunekin goxatu zituzten bertaratutakoen belarriak. Gaur, berriz, kultur etxean aritu dira, aretoa bete dute herritarren eta udal ordezkarien aurrean.

Protagonista izan badira ere, ez dira ekimen guztietan egile izan. Ikusle gisa ere gozatu dute. Amaya Gonzalez dantza eskolako kideen gaurko ikuskizunarekin edo gaztaroko kanta zaharrak gogoratuta  Duo Imperialekin. Ostiralean,  ikusentzuleak dantzan jartzen saiatu zen bikotea bolero, pasodoble, eta Jose Luis Perales edo Raphael bezalako abeslarien kanta ezagunekin . Ez zuen haiek altxatzerik lortu, baina oinak mugitu zituzten, baita eskuak ere, txalo egiteko.

Nork bere burua zaintzeko egiten duenaz gain, laguntzatxo bat beti ona delako; egitarauan barneratu dute gaur goizeko meza ere, eskatu eta eskertzeko.

Herri bazkaria, Michelinen

Ospakizun guztien ezinbesteko bat da janaria. Horregatik, ohitura denez, Michelingo frontoian elkartu dira erretiratuak elkarrekin bazkaltzeko. 14:00etan hastekoa zen otordua, baina ordu erdi atzeratu da, orduan hasi baitira iristen txartela erosi duten 500 bat lagunen gehienak. Dotore jantzita,  mahai luzeetan lekua hartzen joan dira. Bi baldintza bete behar zituzten denek: Lasarte-Orian erroldatuta egon eta 1954 urtearen aurretik jaioak izatea. 

Jubilatuen elkarteko  gizonezko eta emakumezko kide zaharrenak dira Rufino Mateos, 91 urte, eta Mikaela Sasiain Ormazabal, 90 urte. Biek ohorezko mahaian bazkaldu dute Jesús Zaballos alkatearen albo banatan. Bertan zeuden ere, jubilatuen elkarteko presidentea, Lourdes Acevedo gizarte zerbitzuetako zinegotzia, eta Ramon Uribe-Etxebarria apaiza. Mateosen emaztea penatuta zegoen, 90 urte izanda ere, «gutxigatik» senarrarekin bazkaltzerik izan ez duelako. Alabarekin eta jubilatuen elkarteko arduradunekin egin du otordua ondoko mahaian.

Solasaldi lasaian bazkaldu dute denek, eta alkatearekin hitz pare bat trukatzea ere izan dute, mahai guztiak igaro baititu bertan zeudenak agurtzeko. Bazkalostean, 80 urtetik gorakoak omendu dituzte eta oparitxo bat eman diete. Amaitzeko, Azabache taldearen musikak lagunduta dantzan egin dute bertaratutakoek.

 

 

Erlazionatuak