Manuel Lekuona kultur etxea bete dute bertsozaleek

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 5a, 20:29

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final zortzirena jokatu dute arratsaldean kultur etxean. Partaideen artean herritarrik ez zen, baina lasarteoriatar ugari bertaratu da oholtza gaineko seikotearen ateraldiak entzutera. Mikel Artolak irabazi du saioa.

Aitor Salegi, Eneko Araiztegi, Iñaki Zelaia, Mikel Artola, Oier Aizpurua, Unai Izagirre bertsolariak igo dira Manuel Lekuona kultur etxeko oholtza gainera. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetarako txartela zuten jokoan eta erruz saiatu dira. Irabazleak ziurtatua zuen sailkapena, gainerakoek, berriz, puntuazioaren arabera lortu behar zuten aukera. Mikel Artola gailendu zaie 429 puntu lortuta. Bereziki fin ibili da hamarreko txikian eta kartzelan, hamar puntutik gorako aldearekin onena izan da horietan.

Lantokiko kafe makina kendu edo ez ika-mikan dabiltzan bi nagusi, aitari gidatzeko zaharregi dagoela esatearen inguran dabiltza bi anaia... Imanol Artolak jarritako gaiei erantzun diete bertsolariek, barreak eta txaloak eraginez entzuleen artean. Egin beharreko bosna lan izan dituzte: binaka  gaia emanda hiru ariketa egin dituzte, zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian, hiruna bertso asmatuta. Bakarrak lehen puntua emanda zortziko txikian bina bertso, eta azkenik, kartzelakoa, nahi zuten neurri eta doinuan, hiruna bertso. 

Txapelketako final laurdenetan nor izango den erabakita geratu da gaurko saioaren ondoren. Zazpi final zortzirenetako irabazleak eta puntuazioz sailkatuak. Lehenen artean, Ane Labaka herritarra.  Azaroaren 2an igoko da Azkoitiako oholtza gainera. Azken final laurdenetako saioan Beñat Gaztelumendi, Mikel Artola, Ander Lizarralde, Maialen Akizu eta Ane Zuazubiskar bertsolariekin lehiatuko da finalerdietara bidea jarraitzeko.