Gaur arratsaldean jai giroak eztanda egingo du Sasoeta auzoan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 4a, 09:30
Herritar ugari gerturatu ziren iazko jaietaz gozatzera. Harrera ona izan zuten hainbat ekintzek, Txiki diskoak, esate baterako.

Jaiek dantzan jarriko dute Sasoeta auzoa asteburuan. Hiru eguneko egitarau zabala antolatu du Sasoeta Sasoian elkarteak

Sasoeta auzoa jai giroan murgilduko da asteburuan. Ostiraletik igandera adin guztietarako ekintzak antolatu ditu Sasoeta Sasoian elkarteak, auzoko jaiak ospatzeko. Etxeko txikiek gozatzeko ekintzak izango dira nagusi.

Gaur, ostirala, 17:30ean botako dute txupina Andatza plazan. Musika, gastronomia eta lehiaketa ugari izango dira egitarauan. Gorputza mugitu eta forman mantentzeko aukera ugari ere izango da: haur eta gazteentzako kirol jarduerak, zezensuzkoa edo Zumba erakustaldia.

Igande goizean patata tortilla txapelketa eta haur danborrada izango dira Jaizkibel plazan. Horiei buruzko informazio gehiago Sasoeta Sasoian elkarteko sare sozialetan aurki daiteke.

Bestalde, bi ohar helarazi ditu elkarteak: larunbateko bazkariko tiketak agortzear dira; eta igande goizean egingo den buruarin tailerrean ez dago plazarik.

Erlazionatuak

Sasoetako jaiak

Txintxarri Aldizkaria 2018 urr 12 Gizartea