Hutsa

Gorka Alvarez 2019ko urr. 4a, 09:00

Hutsa; bete gabea, espazioaren handitasun amaigabea izan daiteke. Espazio mugatu bat ere izaten da. Hutsuneaz ere aritzen gara sentipen abstraktuaz ari garenean; falta edo gabeziaren esanahi modura.

Hutsa bere horretan horixe da; ezereza. Guk jartzen dizkiogu ordea kokalekuak, ikusmirak, bete nahiak eta esanahiak. Hutsunea, asko maite dugun hori aldendu, haserretu edota kasu txarrenetan desagertu egiten denean izaten dugun sentimendua. Hutsa, norbait galtzeko beldurrak, gertuko norbaitek huts egiteak, baloratua ez izateak eta tarteka zure buruak berak sortzen duen sentimenduari ere hutsa deitzen diogu.

Ez da atsegina izaten bete beharreko zulo horiek estaltzea. Batzuetan, ez baitute behar estaliak izaterik, bizitzaren parte izan beharko lukete. Norberaren eta ingurukoen ibilbideen ikur edota bideak berak ekartzen dituenaren ikasgaiak. Beste askotan, zuloak erabiltzen ikasten dugu eta hainbatetan zuloetan barrena ibiltzeko gaitasuna garatzen dugu. Hutsunea, ez da bere horretan zuloa baina zuloak asko du hutsunetik eta beti hitz egiten dugu zulotik irteteaz, baina zergatik irten? Hutsaren mundua aukera bezala ikustea besterik ez dugu. Aukera, betebeharra edota bizimodua.

Hutsa modu positibo eta eraginkorrean begiratzean dago giltza. Hutsera salto egitea erronka berrien aurrean, ondorengo oinarriak finkatu eta hutsetik eraiki. Aukera bezala ikustea, ezerezetik beti dago hasiera bat, ez du zertan irteera izan, ez du betetzea esan nahiko agian baina bai erraietatik sortzekoa, lantzekoa, ezagutzekoa eta bereziki ikastekoa.

Zutabe hau idazten dudanetan, beti izaten ditut buruan ideiak batetik bestera, kasu honetan eta hutsune hauskorren espazioan ibili naizela probestuz, bete gabeko espazio abstraktu zein fisiko hoi so egin diot. Izan ere, idazteak eta sortzeak, betetzetik haratago, badute indar berezi bat; idatzitakoa, normalki irakurria izan ohi dela eta irakurketa horrek bakoitzak dituen ustezko zulo edota hutsuneak partekatzeko edota hutsuneetan zoriontsu izaten laguntzeko moduko irakurketa bihurtzen direla  tarteka. Bada, izan gaitezen irakurritakoaren zati, gure espazioaren partaide eta zergatik ez, hutsa bizi eta partekatzeko bide moduan erabil dezagun.