Lasarte-Oriako udalak uda baino lehen jakitera eman zuenez, kiroldegi berriko lehiaketara aurkeztutako hamalau proiektuen artetik, bost aukeratu zituen udal-arkitektoek, EHUko arkitektura eskolako zuzendari Juan Jose Arrizabalagak eta alkateak osatutako epaimahaiak. Orain azken aukeraketa egiten laguntzeko herritarren iritzia jaso nahi du udalak. Parte-hartze prozesua jarriko du martxan astelehenean eta prozeduraren pausoak azaldu ditu.
Lehenik, erakusketa egingo da. Kiroldegi berriko bost proposamenak ikusgai izango dira astelehenetik aurrera kiroldegiko kafetegian. Horretarako, lehiakide bakoitzari hiru paneletan proiektuaren ezaugarriak zehazteko eskatu dio udalak.
Erabiltzaile eta herritarrek horiek aztertu eta epaimahaiak osatutako galdeketa bati erantzun beharko diote. Sei galdera izango dira: ingurumen eta aurreko kirol instalakuntzekin integrazioa, sarbideak eta erabiltzaileen zein ikusleen zirkulazioa, eremu hezeak, eremu lehorrak, herritarren kirol-premiak eta proiektuen lehentasun-ordena.
Galdera bakoitzeko proposamen hoberena aukeratu beharko dute herritarrek 5etik 1era baloratuz, 5a balorazio hoberena izanik eta 1a okerrena. Iradokizunak egiteko aukera ere izango dute.
Galdeketa orriak erakusketan bertan egongo dira eskura eta kiroldegiko harreran izango den postontzian jasoko dira urriaren 20ra arte.
Prozesu honetan parte hartzeko bi baldintza bete beharko dira: Lasarte-Orian erroldatua eta 16 urte baino gehiago izatea.
Erakusketa amaitzean,orri guztiak idazkaritzara eramango dira, herritarren datuak gainbegiratzeko. Ostean, galdera bakoitzeko media bat egin eta epaimahaiari bidaliko zaizkio emaitzak. Azken erabakia hartzerako orduan, guztien behar eta nahiak kontuan izatea nahi du udalak.
Proiektuaren esleipena urte amaiera baino lehen egitea espero du udalak.
Herritar guztiei parte hartzeko gonbita egin eta erakusketarekin errespetuz jokatzea ere eskatu dute udal ordezkariek.