Ezker Abertzalearen inguruko gazte antolakuntzak 40 urte bete zituen iaz. Bulkada berrien garaia da! dinamika jarri zuten martxan Ernai eta Aitzina erakundeek, besteak beste, "energia eta ilusioa" pizteko, gazte belaunaldi berrien eskutik. Olatu hori iritsi da herrira ere: hainbat gaztek Ernai Lasarte-Oria sortu dute; datorren asteko ostiralean aurkeztuko dute, urriak 11, Okendo plazan, 19:00etan.
Ernai Lasarte-Oriako kide Ane Golmaiok eta Maddi Iparragirrek kontatu dizkiote TXINTXARRIri egitasmo horren nondik norakoak. Datorren asteko ostiraleko aurkezpen ekitaldiari buruz ere hitz egin dute: "Esplikatuko dugu nondik gatozen eta ikasturte honetarako zein helburu ditugun; ekitaldi dinamikoa izango da, parte hartzeko modukoa".
Nondik dator Ernai Lasarte-Oria?
Ane Golmaio: Nire belaunaldiko hainbat gaztek –2001. urtean jaiotakoak–, Batxilergoa egiten genbiltzala, ikusi genuen ikasle mugimenduaren presentzia oso eskasa zela gure ikastetxean. Eskualdeko Ernaiko kideekin jarri ginen harremanetan; lanketa bat bideratu genuen, hezkuntzaren alorrean, zehazki.
Elkartzen hasi ginen, gero eta gehiagotan: erabaki genuen herri mailara jauzi egitea. Proiektua bideragarria dela uste dugu; ilusionatuta gaude. Maiatzean bilera bat egin genuen, zehazteko zeinek eduki zezakeen interesa egitasmoan; udako ekintzak antolatzen hasi ginen orduan, eta ikasturte honetarako bide-orria zehaztu genuen.
Zertan oinarritzen da zuen proiektua?
Maddi Iparragirre: Lasarte-Oriako gazte mugimendua ikertu dugu, eta hutsuneak ikusi: gure herriko gazteak gai dira sor daitezkeen egoerei eta arazoei erantzun puntualak emateko, baina horiek ez dira ez konstanteak, ezta kolektiboak ere. Gero eta indibidualistagoa den gizarte honen aurrean, bildu egin behar dugu gazteok, eta gure behar eta arazoei erantzun. Ezker Abertzalearen gazte mugimendu bat da Ernai; uste dugu hori dela gure ideologia politikoarekin ongien bat egiten duen erakundea.
A.G.: Konturatu gara herriko gazteek, oro har, ez daukatela kontzientziazio politiko maila altua. Hutsune bat ikusten dugu hor. Horretan eragin nahi dugu. Lehen lerroan jarri nahi dugu Lasarte-Oriako gazteria; politikoki hitz eginda, batez ere.
Gaur zortzi aurkeztuko duzue Ernai Lasarte-Oria ofizialki, baina hasi zarete lanean honezkero.
A.G.: Egin ditugu formazio saioak udan. Abuztuaren 16an, adibidez, G7 biltzarrari buruzko hitzaldi bat egin genuen Xirimiri elkartean, sistema kapitalistaren eta inperialismoaren zapalkuntza salatze aldera. Gai orokorragoak landu ditugu udan; gure herrian zentratuko gara aurten.
Zer landuko duzue aurten? Zeintzuk dira, zuen ustez, Lasarte-Oriako gazteen arazoak?
M.I.:Hiru alor nagusi landu nahi ditugu ikasturte honetan: gazteen kontzientziazio politiko falta, etxebizitzei buruzko problematika eta feminismoa.
A.G.: Horiek dira hiru gai premiazkoenak, gure iritziz. Dena dela, ikasturtean zehar beste alor batzuk lantzeko asmoa daukagu.
Jarri zarete Lasarte-Oriako eragileekin harremanetan? Nola erantzun dute?
A.G.: Orain arte erantzun onak jaso ditugu; onartuak sentitu gara. Adierazi diegu ez gatozela inor ordezkatzera edo zapaltzera; elkarlana sustatu nahi dugu.
M.I.: Bide batez, animatu nahi ditugu herritarrak, eta gazte jendea bereziki, aurkezpenera gerturatu eta gurekin lan egitera. Ekitaldia amaitu eta gero, iragarriko ditugu bilera ireki bat egiteko data eta lekua: interesa duten guztiak gonbidatzen ditugu gurekin eseri eta euren ikuspegia partekatzera.
Gazteekin ere hitz egin duzue?
A.G.: Herriaren egoera aztertu bitartean, harremanetan jarri gara gazteak barnebiltzen dituen erakundeekin eta mugimenduekin: topatu dugun egoera ez da txarra. Belaunaldi berriak indartsu sartu dira, ilusioz; horrek gu ere indartzen gaitu.