Gizartea desgaitasun kognitiboaren betaurrekoak janztera gonbidatu ditu, Atzegi elkarteak, asteazken honetan, Okendo plazan egindako agerraldian. Adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea da, eta aste honetan aurkeztu dute, aurtengo kanpaina, Lasarte-Orian.
Horren bitartez, desgaitasun kognitiboa duten pertsonek egunerokotasunean bizitzen dituzten muga eta arazoen berri eman nahi diote gizarteari. Ulertzeko zailak diren mezu ugari aurkitzen ditu, edonork, kalean egunero. Baina mezu horiek guztiak, desgaitasun kognitiboa duten pertsonentzat are ulergaitzagoak direla azpimarratu dute elkarteko ordezkariek. Adibideak ere jarri dituzte: jatetxeetako kartak, egutegiak, garraio publikoko ordutegiak, eskuorri informatiboak eta hauteskunde programak, besteak beste. Oso ondo azaldu du Aihotz Albizu elkarteko kideak, horrelako egoeratan aurkitzen dituzten zailtasunen berri.
Gizartea jabetzea helburu
Gizartea zailtasun horiez jabetzea nahi du Atzegik. "Arazo horiek ulertu behar ditu jendeak, eta denon artean irtenbideak bilatu behar ditugu".
Horrela, ulertzeko errazak diren mezuen aldeko apustua egiteko deia luzatu dute. "Pertsona bakoitzak, bere lan edo ingurune pertsonalean aldaketa txikiak egiten baditu, ziur gaude denontzat mundu irisgarriagoa eraikiko dugula".
Horrek pertsonen autonomian eragin zuzena duela ere nabarmendu dute. "Desgaitasun kognitiboa dutenak ahalik eta autonomoen izateko, ezinbestekoa da mundua ondo ulertzeko aukera izatea, horrek pertsonen ororen ongizate eta bizi kalitatea bermatuko baitu".
Aurtengo kanpaina datorren ostiralean, urriaren 11an, amaituko da. Baina hori baino lehen, urriaren 8an, ekitaldi nagusia egingo du Atzegik, Donostiako Antzoki Zaharrean. Bertara joateko deia luzatu diete herritarrei.
Buruntzaldean 163 familiak, 102 kolaboratzailek eta 541 atzegizalek osatzen dute elkartea.