Aste osoko egitaraua Aste Berdean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 2a, 15:00

Vermican enpresako Adur Camposek eta Ingurumen zinegotzi Agustin Valdiviak Aste Berdeko nondik norakoak azaldu dituzte.

Agustin Valdivia Ingurumen zinegotziak eta Adur Campo Vermican enpresako kideek aurtengo Aste Berdeko egitaraua aurkeztu dute

Urriaren 7tik 12ra, Aste Berdearen edizio berria antolatu du Lasarte-Oriako udalak. Kutsadurarik gabeko hiri baten alde goiburu, airearen kutsaduraren arazoaz ohartarazi eta horren kalitatea hobetzeko herritarren jokaera arduratsuak bultzatzea du helburu Valdiviak azaldu duenez.

Aurtengo edizioan egunero izango da ekintzaren bat eta gehienak kalean izango dira.

Arratsaldeetan haur, zein helduentzako tailerrak izango dira Okendo plazan. Materiak birziklatuekin egindako ditu zorro edo musika tresnak, Monika Organika panpina eta etxean landatu ahalko diren hazi bonbak egingo dira.

Asteazkeneko azokan postua jarriko da eta pestizida naturalei buruzko tailerra egingo da.

Ostegunean, Demain/Mañana dokumentala eskainiko da Manuel Lekuona kultur etxean. "Protagonistek munduan zehar egiten duten bidaian mundua berdeago nola egin erakusten dute," azaldu du Vermican enpresako Camposek.

Larunbatean, haurrentzako murala eta material berrerabiliekin egindako herri-kirolak izango dira Okendo plazan. Eguraldi ona eginez gero, helduek energia berriztagarriekin egindako kafea dastatu ahalko dute. 

Era berean, Ezagutu Lasarte-Oriako aire-kutsadura ibilbidea ere izango da. Herrian dauden kutsadura mota ezberdinak ezagutu ahalko dira.

Ekintza guztietan herritarrek photocallean argazkia ateratzeko aukera izango dute eta Instagramen lehiaketa ere jarri dute martxan. Airearen kutsadurarekin lotutako argitalpenak bilduko dira. #LasarteOriakutsadurarikgabe traola jarri beharko da irudian parte hartzeko. Atsegite gehien lortzen duen irudiak, Aterpeako dendetan gastatzeko 100 euroko erosketa txartela jasoko du.

Bestalde, Lasarte-Oriako udaleko instalakuntzetan ingurumen auditoriak egingo dira. "Udala eredu izan behar dela uste dugu eta azterketa bat egingo da bertako kontsumoa arduratsua den jakiteko," adierazi du Vermican enpresako arduradunak.

Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu ekimenetan parte hartzera.

Aste Berdearen kudeaketa

Aste Berdeko ekimen guztiak Vermican enpresako kideen esku izango dira. Lasarte-Oriako udalak enpresa horri esleitu dio Aste Berdearen kudeaketa. Egitarau osoaren aurrekontua 6.487,5 euroko da.

Egitaraua

Urriak 7, Astelehena

17:00etatik 19:00etara, hazien bonba tailerra, Okendo plaza.

Urriak 8, Asteartea

17:00etatik 19:00etara, tetrabrikekin eginiko diru zorro tailerra, Okendo plaza.

Urriak 9, Asteazkena

10:00etatik 14:00etara, pestizida naturalen tailerra eta informazio mahaia, azoka.

17:00etatik 19:00etara, Monika Organika tailerra, Okendo plaza.

Urriak 10, Osteguna

17:00etatik 19:00etara, Demain/Mañana dokumentala eskainiko da, Manuel Lekuona kultur etxea.

Urriak 11, Ostirala

17:00etatik 19:00etara, material birziklatuekin eginiko musika tresnen tailerra, Okendo plaza.

Urriak 12, Larunbata

10:00etatik 14:00etara, material berrerabiliekin eginiko herri-kirolak, aire garbi baten alde eginiko murala, eguzkia energia erabiliz egindako kafea eta informazio mahaia, Okendo plaza.

11:00etatik 12:00etara, Ezagutu Lasarte-Oriako aire-kutsadura ibilbidea egindo da. Okendo plazan hasiko da.

Ibilbidea amaitzean, #LasarteOriakutsadurarikgabe Instagram lehiaketako saria banatuko da.