Errugbia bueltatu da Michelingo zelaira. Euskal Ligan ari den Babyauto Zarautz-Beltzak taldeak estreinako partida jokatu zuen larunbat arratsaldean, Iruñetik (Nafarroa) etorritako La Unica klubaren bigarren taldearen aurka. Gero eta zale gehiago ditu kirol horrek herrian, eta nabaritzen da harmailetan: gogotik animatu zituzten jokalariak. Tamalez, ez zen nahikoa izan sasoiko aurreneko garaipena eskuratzeko. 5-8 galdu zuen etxeko taldeak.
Oso-oso paretsua izan zen larunbateko norgehiagoka. Datu bat: 80 minutu, eta entsegu bana talde bakoitzarentzat. Zigor-kolpea zutoinetara bidaltzean finago aritu ziren nafarrak, eta horrek desorekatu zuen balantza. Garaipena zakuratu ez bazuten ere, Beltzak taldekoek badute ospakizunerako motiborik. Harrobiko lau jokalarik debutatu zuten larunbatean: Oier Arroyok, Aimar Arteagak, Ander Fernandezek eta Edu Lacallek. Errugbi eskolak fruituak ematen segitzen du. Ostiralero egiten dituzte lan saioak, Michelinen, 18:00etatik aurrera. Gero eta neska-mutil gehiago aritzen dira zelaian. Horiek bukatzen dutenean entrenatzen dute Euskal Ligakoek. Herritar gehiago aritu ziren larunbateko partidan: Andoni Amonarriz, Gorka Aristondo, Beñat Arroyo eta David Vega, besteak beste. Asteburu honetan Arrasate errugbi taldearen aurka ariko dira, Mojategi zelaian, igandean. Neurketa eguerdiko hamabietan hasiko da.
Desorekatuagoak izan ziren 16 eta 18 urtez azpiko Babyauto ZRT-Beltzak taldeek asteburuan jokatutako norgehiagokak, amaierako emaitzei dagokienez, behintzat. Gazteenek talde indartsu batekin neurtu zituzten indarrak, Hernani eta Atletico San Sebastian kluben konbinatu batekin; 50-15 galdu zuten Aieten (Donostia). Zaharrenek ere konbinatu horrekin neurtu zituzten indarrak, Astin (Zarautz). Gogotik saiatu ziren, baina ezin izan zuten aurkarien erasoko jokoa geratu, eta 12-52 galdu zuten. Asteburu honetan saiatuko dira denboraldiko aurreneko garaipena poltsikoratzen. Txingudi errugbi taldearen aurka jokatuko dute biek.
Hiru partida, hiru garaipen
Sasoi betean ekin dio 2019-2020 sasoiari Ohorezko B mailako Babyauto Zarautz taldeak. Hiru neurketa jokatu ditu, eta beste hainbeste irabazi. Azkena, pasa den igandean, Campus Universitario Ourense galiziarren aurka, Astin. 32-19 gailendu ziren Xabi Castañok entrenatutako jokalariak. Lasarte-Oriako bi jokalari aritu ziren partida horretan: Adrian Apaolaza eta Alex Saleta gazteak. Beltzaken harrobikoak dira biak. Ligako laugarren jardunaldia etxean jokatuko du Babyauto Zarautzek, larunbatean. Beste talde galiziar batekin neurtuko ditu indarrak, 17:00etatik aurrera: Vigo RC etorriko da Asti zelaira. Bi partida jokatu dituzte; bat irabazi eta bestea galdu.
Michelinen bakarrik ez, herrian ere arnasten da errugbi giroa asteotan. Gure Etxea tabernan, bereziki. Hor elkartu ohi dira kirol horren zaleak partidak ikusteko, garagardo bat eskuetan dutela. Munduko Txapelketa ikusten ari dira orain. Lehen fasean dago lehiaketa hori oraindik: hogei talde, lau multzotan banatuta. Japonian jokatzen ari dira. Urriaren 19an hasiko dira final-laurdenak, larunbatez. Finala azaroaren 2an jokatuko dute.