Ostadar SKTko saskibaloi taldeek emaitza ezberdinak izan zituzten Ligan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 2a, 12:00
Ostadar SKTko senior taldeak Gasteizki Ekhiatarrak taldea garaitu zuen Maialen Chourraut kiroldegian.

Kadete eta junior errendimendu taldeek ligako jardunaldia jokatu zuten. Txanponen bi aldeak bizi zituzten. Gainerakoek denboraldi berrirako prestaketarekin aurrera darraite

Ostadar Saskibaloi taldeak buru belarri ari dira denboraldia prestatzen, junior eta kadete errendimenduko taldeak izan ezik. Biek hirugarren jardunaldia jokatu dute eta emaitza ezberdinak izan zituzten Bera Bera elkarteko taldeen aurka.

Kadete errendimenduko taldeak 52-48 irabazi zuen Maialen Chourraut kiroldegian. Lehen zatian 2 punturengatik galtzen joan arren, bigarren zatian urdin-beltzek buelta eman zioten partidari eta tarte txikia egin zuten, 27-21.

Errenta mantentzeko lan egin behar izan zuen Reinoren taldeak gainerako bi zatietan Bera Bera garaipenaren bila lanean baitzegoen. Amaieran, bi puntuak etxean geratu ziren.

Emaitza horri esker, hirutik hiru partida irabazi ditu kadete taldeak eta sailkapeneko buruan da BKL Esparru taldearekin berdindua.

Txanponaren beste aldea junior errendimendu taldeak jasan zuen. Bera Bera Albistur taldearen aurka 39-33 galdu zuen.

Lehen bi zatiak parekatuak izan ziren. Lehenengoan Ostadar aurreratu zen, baina Bera Berak  gogor borrokatu zuen bigarrenean partidari buelta emateko.

Hirugarrengo zatian errenta handitu zuen Donostiako taldeak hamarreko tartea ezarriz. Endika Marrahik zuzentzen duen taldea azken zatian borrokatu zen, baina ezin izan zuen Bera Beraren aurka.

Lagunartekoak

Bestalde, Ostadar SKTko hiru taldek Gasteizko Ekhitarrak taldearen aurka jokatu zuten. Giro ederrean 1. eta 3. mailako senior taldeek eta junior partaidetza mailako lagunarteko partidak izan ziren lehian larunbatean Maialen Chourraut kiroldegian.

Senior mailako partidetan, Ostadar izan zen garaile. 1. mailako senior taldeak 56-30 irabazi zuen eta 3. mailakoak 56-39. Junior partaidetza taldeak 25-36 galdu zuen. 

1. mailako senior entrenatzaile Ander Otaegi pozik agertu da taldearen jardunarekin. "Laugarren lagunartekoa dugu eta erritmo ona darama taldeak. Pixkanaka puntua hartzen doa." Hiru taldeek urriaren 20ko asteburuan emango diote hasiera denboraldiari. 

Erlazionatuak

Senior probintziala: Ostadar SKT 56-30 Ekhitarrak

IƱigo Gonzalez Sarobe 2019 ira 30 Kirola