Lasarte-Oriako Udalak 65.000 euro hitzartu ditu herriko ikastetxeetako guraso elkarteekin

Maddi Zaldua 2019ko urr. 1a, 11:57

Euskararen erabilera sustatzen jarraitu nahi dute, eta diru laguntzen bitartez, herritarrak euskalduntzeko lan lerroak landuko dituzte

Astelehen arratsaldean sinatu dituzte hiru hitzarmenak, udaletxean, hiru ikastetxeetako ordezkariek. Bertan bildu dira Burunzpe Guraso Elkarteko Maria Jose Martin, Landaberri Guraso Elkarteko Ana Agirre, eta Oriartekide Guraso Elkarteko Arantxa Otaegi. Beraiekin izan dira Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordoki eta Jesus Zaballos alkatea ere. 

Diru kopuru ezberdinak jaso dituzte hiru ikastetxeek, eta horiekin, egitasmo ezberdinak egingo dituzte.

Burunzpek 12.616,68 euroko diru laguntza jasoko du. Horrekin, gurasoentzako euskara eskolak eskainiko dituzte, eta jolas garaietan euskararen erabilera handitzeko programa bat ere jarriko dute martxan. Horrez gain, Hezitzaileek Asko Egin Dezakete programarekin jarraituko dute, horrela, eskola orduz kanpoko jardueretan dabiltzan begiraleak prestatuko dituzte, haurrek euskararen erabilera ahalik eta gehien optimizatu dezaten.

Irakurzaletasuna ere sustatuko dute, eta Esazu aldizkaria ere egingo dute. Azkenik, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin batera, 'Gu ere bertsotan' programarekin jarraituko dute, eta 6. mailako ikasleekin bertso eskolako talde bat osatzen ere ahaleginduko dira.

Landaberrik, berriz, 22.803,91 euroko laguntza jasoko du, eta hitzarmen horren bidez, Burunzperen antzeko egitasmoak gauzatuko dituzte. Gurasoentzako euskara eskolak, Hezitzaileek Asko Egin Dezakete programa, euskarazko aldizkarien irakurzaletasunaren sustatzea eta Irrintzi aldizkaria egiteko bideratuko dute diru sorta.

Horretaz gain, pertsonaia ezagunak ekarriko dituztela ere jakinarazi dute, eta 'HItz Bilatzailea' izeneko egitasmo berria martxan jarriko dute. Bertsolaritzara ere bideratuko dute diru sortaren zati bat. 'Gu ere bertsotan' programarekin jarraitzeaz gain, 6. mailako  gazteekin bertso eskolako bi talde osatzeko asmoa azaldu dute.

Hirugarren guraso elkareak jasoko du diru kopuru handiena; 29.688,50 euroko hitzartu dituzte Oriartekide Guraso Elkartearekin. Diru sortaren kopuru handiena, ikasmaila guztietan landuko duten Elemeleka programara bideratuko dute. Horren bitartez, gazteen hizkuntza ohiturak lantzeko estrategiak diseinatuko dituzte, iaz, Euskaraldian erabilitako metodologia tarteko.

Horrekin batera, gazteen euskara batzorde bat sustatuko dute, eta pertsonaia ezagunak ere ekarriko dituzte, ikasturte honetan. Irakurzaletasuna sustatzen jarraituko dutela ere azaldu dute, eta beste ikastetxeen antzera, bertso eskolarekin jarraituko dute; sei talde osatzeko ahalegina egingo dute.