Ehun ikasle arituko dira udal euskaltegiko ikasturte berrian

Maddi Zaldua 2019ko ira. 30a, 17:56

Udaleko ordezkarien ongietorriarekin hasi dute 2019-2020 ikasturtea udal euskaltegiko euskara ikasleek

Gaur ekin diote ikasturte berriari udal euskaltegiko ikasleek. Euskaltegiaren atarian bildu dira, eta irakasle eta udal ordezkariek harrera egin diete bertan. 

Euskaltegia ikasleen "etxea" dela azaldu die euskaltegiko zuzendari Jesus Mari Asurabarrenak. Hizkuntzan ikasteko eta erabileran trebatzeko "oso gune atsegina eta egokia" aurkituko dutela nabarmendu du. 

Urte luzeetako esperientzia duten profesionalen esku egongo dira ikasleak: "etengabeko formazioan ari dira, ahalik eta zerbitzurik egokiena emateko". Horrekin batera, ikasleen beharrak entzun eta erantzunik "egokienak" ematen jakingo dutela gehitu du Asurabarrenak. 

Eskerrak eta animoak

Argi azaldu diete ikasleei: "zuek gabe euskaltegia ezinezkoa litzateke". Jon Antxordoki Euskara Batzordeko buruak eskerrak eman dizkie euskaltegian matrikulatzeagatik, eta udalak euskara sustatzeko egiten duen ahalegin "handiaz" hitz egin die, Gogora ekarri ditu aurtengo ikasturterako baliabide berriak (informatikoak, arbel digitalak, etab.), eta egoitza euskaltegiaren dinamikara eta ikasleen premietara egokitzeko birmoldatu egin dutela ere jakinarazi die.

Berarekin batera, Iñaki Arruti Euskara Zerbitzuko teknikariak ere hartu du hitza. Ongietorriarekin eta eskertzarekin ere bat egin du Arrutik, eta horrekin batera, euskara modu kolektiboan erabiltzera animatu ditu.

Ekitaldia bertso bat abestuz amaitu dute.