Maialen Chourraut Tokion izango da lehian

Maialen Chourraut larunbatean Munduko Txapelketako finalean. Arg.: rfep.es.

Zapore gazi-gozoa du Maialen Chourraut herritarrak. Munduko Txapelketako finalera iritsi zen larunbatean, baina hamargarren postuan amaitu zuen

Maialen Chourraut piraguistak balentria handia egin zuen larunbatean La Seu d'Urgellen jokatutako Munduko txapelketan. Finalera sailkatu eta laugarrenez Joko olinpiko batzuetan parte hartuko du herritarrak. Pozik agertu da Chourraut sailkapenarekin, baina oraindik ez du ospatzeko gogorik egun gogorra izan baitzen larunbatekoa. "Udara guztia lanean egon gara eta helburua lortu dugu. Baina zapore gazi-gozoa dut  Munduko txapelketako finalean egindako lana dela eta". Final-erdira "justu" sailkatu zen eta finalean akats batek azken postura eraman zuen, hamargarrenera. 

Final-erdian jaitsiera garbia egin zuen herritarrak, baina denboraz motel ibili zen, 101.11. Hamargarren postuarekin igaro zen finalera. "Final-erdira justu iritsi naiz. Azken parte-hartzaileak nik baino jaitsiera okerragoa egin du eta horrek salbatu nau," adierazi zuen herriko palistak.

Finala gogorra izan zela onartu du Chourrautek. "Hasierako zatian ondo joan naiz, baina denbora galdu dut. Ate batera ez naiz ongi iritsi eta zigorra ezarri didate."

Orain Tokiora begira jarriko da lanean lasarteoriatarra. "Txapelketa honetan ikusi den bezala, arerioak oso azkarrak dira eta edonork irabazi dezake. Final estua izan da. Horregatik lanean jarriko gara, asko baitaukat hobetzeko," adierazi du Chourrautek.