Atsobakar zahar egoitzako kideek, hilabeteko greba

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 30a, 16:00
Atsobakar zahar-egoitzeko langile, egoiliar eta boluntarioak gaur goizeko elkarretaratzean.

'Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu' lemapean bildu dira gaur Lasarte-Oriako zahar-egoitzeko langile, boluntario eta egoiliarrak. Zahar-egoitzen egoera ikustarazi nahi dute. Irailaren 19an hasi zuten greba eta urriaren 18ra arte iraungo du

Gipuzkoako zahar-egoitzeko langileak berriro ere greban dir. Oraingoan 30 eguneko lan uztea egingo dute. Lasarte-Oriako Atsobakarreko langileek bat egin dute ekimenarekin eta %70-80ko gutxieneko zerbitzuak egiten ari dira egunoten. "Urte bete daramagu eta greba aldi ezberdinak egin ditugu, baina hau orain arteko luzeena da," jakitera eman du Bego Atsobakar zahar egoitzeko langile ordezkariak.

Neurri horrekin ELAk zahar-egoitzen hitzarmena negoziatzera bultzatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundia. "Negoziaketa-mahaitik irten ginen. 2015-2016 hitzarmena izoztua dugu eta negoziaketan hori oinarri hartu beharrean, Estatuko hitzarmena hartu nahi du Aldundiak", jakinarazi du.

Mobilizazioak

Zahar-egoitzen egoeraren berri emateko hainbat mobilizazio aurreikusi ditu ELA sindikatuak. Lehengo asteburuan, Donostian hiru eguneko akanpada egin zuten Saguesen eta herriz herri ere mobilizazioak egingo dituzte. Lasarte-Oriaren txanda gaur eguerdian izan da. Zahar-egoitzeko langile, boluntario eta egoiliarrak bildu dira San Pedro eliza aurrean Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatzeko.

Lan baldintzak ez ezik, adinekoen egoitzetan dagoen ratioa hobetzea eskatzen dute langileek. "Egun lanean dagoen pertsonal kopuruarekin ezin dugu kalitatezko zerbitzu bat eskaini eta kaltetuenak aiton-amonak dira," adierazi du.

Negoziaketarik egon ezean, ELAk ez du baztertzen grebekin jarraitzea.