Festa baino askoz gehiago

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko ira. 29a, 16:42

Eguraldi ezin hobea, antolakuntza bikaina, paisaia ederrak, hamaiketako goxoa... Ezin zen gehiago eskatu. Festa baino askoz gehiago izan da Lasarte-Oria Trail elkarteak antolatu duen mendi martxa. Kirol ekitaldia hasi baino egun batzuk lehenago agortu dira dortsalak. Oinez, korrika, saltoka... nahi erara gozatu dute Buruntza eta Andatza mendiez lasarteoriatarrek.

Antolatzaileek esana zuten: proba egin nahi zuten aurten, ikusi nola erantzuten zuen jendeak, jakin gai izango ote ziren dimentsio horietako kirol ekitaldi bat antolatzeko eta egunean sor zitezkeen ustekabeei aurre egiteko. Zalantza horiek guztiak uxatu dituzte gaur Lasarte-Oria Trail elkarteko kideek. Biribila izan da igandea: eguraldi paregabea, antolakuntza bikaina, paisaia ederrak, hamaiketako goxoa, edari freskoak... eta jendetza mendiaz gozatzen. Salgai jarri zituzten 300 dortsalak ostegunerako salduak zituzten. Helburua da datorren urterako mendi lasterketa bat antolatzea. Udalarekin elkartu behar dute aurrena, eta Lasarte-Oriako Mendi Festak eman duena baloratu. Gero erabakiko dute. Baina joan 2020. urteko agendan data hau apuntatzen: iraileko azken igandea.

Eguzkia irten aurretik iritsi dira martxa luzeko aurreneko parte hartzaileak Okendo plazara. Ibilbidea burutu bitartean zigilatu beharreko txartelak hartu dituzte, eta beroketa ariketak egin. 08:00etan abiatu dira, puntu-puntuan. Plazaolako bidea zeharkatu dute aurrena, eta Azkorte ermitara igo gero. TXINTXARRI beraiekin joan da haraino, baina kazetariak bistaz galdu ditu ondoren, Buruntzara igotzen hasi direnean; bizkorregi zihoazen. Nabaritzen da mendian kilometroak eta kilometroak egin dituztela. Estrategiaz aldatu du orduan: erabaki du martxa laburra egiten ari ziren mendizaleei itxoingo ziela, Azkorteko anoa postuan arnasa eta indarrak berreskuratu bitartean. Jo eta su egin dute lan Anabel amak, Javi aitak, eta Endika eta Aimar semeek: familia bat parte hartzaileen zerbitzura. Batek fruta moztu, besteak iristen ari zirenei argazkiak atera, plastikozko edalontziak edariz bete, fruitu lehorrak platerean jarri, autoan musika euskalduna topera... detaile bakar batek ere ez die ihes egin. Itzalean egiten den lana; horrelako kirol ekitaldiak arrakastatsuak izateko ezinbestekoa.

Buruntzako 'photocall'-a

Buruntzak ia 500 metro ditu. Lehen begi kolpean, badirudi ez dela hainbesterako, baina azkeneko igoerari ekin eta zenbait harri ia eskalatzen igo behar dituzunean, ikusten duzu badaukala xarma mendi hori igotzeak. Aldapan gora ibiltzera hain ohituta ez dauden herritarrek –eta kazetariak– majo sufritu dute gurutzera iristeko. Txartela zigilatu ostean, argazkien txanda: eguneko balentria betikotzeko momentu ezin hobea. Mendizaleen zein antolatzaileen eskuetan, sakeleko kamerek gogotik egin dute lan goiz osoan. 

Jaitsiera errazagoa izan da igoera baino. Azkortera bueltatu dira ibilbide motzekoak, eta Andatzara joan luzekoak. Okendo plazan elkartu dira guztiak, eguerdi partean. Hamaiketako goxoa eta edari freskoak zain zituzten han: txorizoa eta haragi egosia, fruta, fruitu lehorrak, gominolak, txokolatea, ura, freskagarriak... indarrak hartzeko beharreko guztia. Oholtzara igo dira parte hartzaileak, antolatzaileek prestatutako poltsak jasotzera. Zortedunenek sariak ere eraman dituzte; herriko komertzio askok babestu dute mendi martxa. Eta babesten jarrai dezatela; horrek esan nahiko du edizio gehiago egingo direla. Horrelako ekitaldiak kubritu eta gero agujetak eduki arren.

 

Erlazionatuak

Lasarte-Oriako Mendi Festa: 1. zatia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 ira 29 Kirola

Lasarte-Oriako Mendi Festa: 2. zatia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 ira 29 Kirola

Lasarte-Oriako Mendi Festa: 3. zatia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 ira 29 Kirola