Erregional mailako bi taldeek etxean jokatu dituzte denboraldiko bigarren partidak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 27a, 09:43

Hiru puntu etxeratu dituzte Ostadar erregional mailako gizonezkoek, larunbatean Michelinen jokatutako partidan. Emakumezkoek, ordea, ezin izan dute garaipena lortu Inxtaurdiren aurka, baina berdinketari esker, puntu bat gehitu dute sailkapenerako

Emaitza ederrarekin amaitu dute denboraldiko bigarren partida erregional mailako gizonek. Michelinen jokatu dute norgehiagoka, etxean, eta Oiartzun izan dute aurkari.

Arratsaldeko 17:15ean hasi zen partida, eta lehenengo zatian, nahiko paretsu aritu zirela azaldu du Raul Rodriguez entrenatzaileak. "Gu baino apur bat hobeto aritu ziren aurkariak. Zenbait mugimendu zuzendu behar izan genituen guk".

Jokoa zuzenduta 30. minutuan iritsi zen etxeko taldearen lehengo gola. Korner batetik baloia atera, eta Ibon Garcia jokalariak erraz sartu zuen baloia aurkariaren atean.

Sei minutu beranduago iritsi zen Ostadarren bigarren gola. Area kanpotik baloia jaurti eta aurkariaren atean sartu zuen Egoitz Rodriguezek. 

Iker Hernando atezainak egindako bi geldiketari esker, markagailuan aurretik joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian partida "erabat kontrolpean" izan zuen etxeko taldeak. Taldearen joko onari eutsiz, hirugarren gola egin zuen Iñigo Garciak. Hortik aurrera, erritmoa jaitsi zuen Oiartzunek, eta hori baliatu zuen Ostadarrek, joko "oso ona" egin eta laugarren gola sartzeko.

90 minutuak pasata, hiru puntu eskuratuta amaitu zuten.

Asteburu honetan Beran jokatuko dute partida, larunbatean, 16:30ean.

Emakumezkoek, puntu bat 
Intxaurdiren aurka jokatu zuen partida, aldiz erregional mailako emakumezkoen taldeak. Igandean izan zen partida, hau ere, etxean.

Nekane Quiñones entrenatzaileak azaldu duenez, "oso jarrera ona" izan zuen taldeak partida guztian zehar. Alex Altunarekin batera prestatzen du taldea. Baina bigarren zatian iritsi ziren sentsazio "arraroak". 57. minutuan, ohartarazpen bikoitz baten ondorioz, txartel gorria jaso zuen Intxaurdiko Amaia Miguelek; kaleratua izan zen.

Jokalari bat gutxiagorekin geratu zen talde aurkaria, baina Ostadarrek ez zuen egoera hori behar bezala aprobetxatu, eta golik sartu gabe, berdinduta amaitu zuten norgehiagoka.

Jokalari aldetik, eskas
Quiñonesek azaldu du bere taldeko jokalariek futbolean  hobbyagatik aritzen direla, eta hori horrela izanik, beste zereginak aurretik jartzen dituzte. Horrela, igandeko partidan, baja bat baino gehiago izan zituzten. Bi jokalarik bidaia bat zuten hitzartua, eta horien huts egiteari, denboraldi-aurrean min hartutako jokalarien bajak batu zitzaizkien. Lesio nahiko handiak dituzte horiek, eta "luze" joango da errekuperazioa.

Hurrengo partida larunbat honetan jokatuko dute, Hernanin.

Erlazionatuak

Erregional Gorengoa: Ostadar SKT 4-0 Oiartzun

Beñat Lizaso Garcia 2019 ira 25 Kirola

Ohorezko Erregionala: Ostadar 0-0 Intxaurdi

Beñat Lizaso Garcia 2019 ira 25 Kirola