Ez zuen ongi hasi Maialen Chourrautek Munduko Txapelketako abentura. Atzo, asteazkena, K1 mailako taldeko proba izan zen eta Espainiako hirukoa laugarren izan zen.
Laia Sorribes eta Marta Martinezekin batera lehiatu zen Chourraut proba horretan. Hamaikagarren taldea izan zen irteera puntuan eta denbora onena egin zuten, 104,36. Bidean Sorribesek hamaikagarren atea ukitu eta bi segundoko penalizazioa gehitu behar izan zuten.
Gutxi iraun zuen pozak, Britania Handiak, Txekiar Errepublikak eta Errusiak hobetu zuten espainiarren jaitsiera eta laugarren postuarekin konformatu behar izan ziren.
Dominaren bila
Gaur, banakako K1 maileko lehenengo sailkapen saioan final-erdirako txartela eskuratu du zazpigarren postua lortuz, 105,18.
Jaitsieran hirugarren denbora onena egin duen arren, ibilbidea zaila izan da. Piragua zuzentzeko zailtasunak izan ditu eta gainera, herritarraren hitzetan, ateak ohi baino baxuago zeuden. Horrek guztiak, seigarren eta hogeigarren ateak ukitzea ekarri du. Asko sufritu duela onartu du Chourrautek.
Larunbatean, goizeko hamarrak aldera jokatuko du final-erdia herritarrak eta guztia ondo joatekotan, 12:40ean, finalean izango da. Finalera iristeak gainera badu beste sari bat, Tokioko Joko Olinpikoetarako sailkapena.
Jessica Fox australiarrak, Mallory Franklin britaniarrak edo Stefanie Horn italiarrak baino jaitsiera hobea egin beharko du urrea lortzeko.Abantaila bat du ordea herritarrak, oso ongi ezagutzen du Parc del Segreko kanala.Bertan entrenatzen da-eta eta 2009ko Munduko Txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen.