Donostiaren aurretik, Lasarte-Oria da zaborren gaikako bilketa tasa baxuena duen Gipuzkoako herria

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 26a, 11:17

Lurrazpiko zabor edukiontziekin birziklapen tasa "baxuak" lortzen direla nabarmendu du Aire Garbia plataformak. Aldi berean, zaborra biltzeko sistemaren inguruan udalak egin nahi duen parte-hartze prozesua "faltsua" dela salatu du, eta zaborraren %60a gaika biltzea ahalbidetuko duen sistema ezartzeko eskaria egin dio udalari

Pasa den astean iragarri zuen Lasarte-Oriako Udalak zaborra biltzeko sistemaren inguruko parte-hartze prozesu bat jarriko duela martxan. Erabaki hori, ez zaio batere gustatu Aire Garbia plataformari, eta taldearen iritzia jakinarazi dute.

Eztabaida edo parte-hartze prozesua "faltsua" dela salatu dute. "Lurrazpiko edukiontziak arazo estetikoengatik jarri ziren, baina inpaktu bisual negatiboa askozaz ere handiagoa da", azpimarratu du plataformak.

Lurrazpiko edukiontziak "arratoi habiak" direla ere nabarmendu dute. Bertan topatzen dituzte bizirauteko eta  hedatzeko jangarriak. Arazo horri aurre hartzeko plagaren aurkako tratamenduak egin behar izan direla ere ekarri dute gogora.

Horrekin batera, sarritan urez betetzen direla ere azaldu dute.  "Horren ondorioz, kutsadura sortzen da, eta ekipoak ere azkar  hondatzen dira, zerbitzuaren kaltetan". 

Zerbitzua zaildu
Arazo horiek zabor bilketaren zerbitzua "zaildu eta garestitu" egiten dute. Zaborren kudeaketaz arduratzen den FCC enpresak aitortu du, lurrazpiko zaborrontziak "askotan" matxuratzen direla, eta horrez gain, horien garbiketarako tresneria zehatza behar izateak  "dezente" garestitzen duela zerbitzua.

Hortaz gain, lurrazpiko edukiontzietan zaborra biltzeak "ez du zaborra gaika biltzea ahalbidetzen". "Birziklapena zailtzen du, eta gogora ekarri behar dugu, zaborren kudeaketaren helburu nagusia birziklatzea izan behar duela".

Arazo nagusia, ordea, beste bat dela defendatu du Aire Garbia plataformak.

"Arazoa da Gipuzkoan, birziklapen tasa baxuenetakoa duela Lasarte-Oriak,  Donostiako emaitzak bakarrik dira, herrikoak baino karkarragoak". 

Lasarte-Oriak zaborraren %46,63a soilik biltzen du gaika, eta hori, udalak zaborra biltzeko sistemarik "kaskarrena" erabiltzearen ondorio dela argudiatu dute.

Gainera, San Marko gutxien birziklatzen duen mankomunitatea dela ere azaldu dute, eta hori, Lasarte-Oria eta Donostiaren gaikako bilketaren emaitza "kaskarren" ondorio da. 

Gaikako bilketa "eraginkorra" ahalbidetuko duen sistema ezartzeko eskaria egin dio taldeak Lasarte-Oriako Udalari.