Babyauto Zarautzek Real Oviedo garaitu zuen

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 26a, 10:45
Partidan zehar, meleak ugariak izan ziren. Arg.: Solo rugby desde Asturias

Babyauto Zarautz taldeak 15-22 irabazi zion igo berri den Real Oviedori. Beltzek partida gogorrari buelta eman behar izan zioten. Larunbatean, Babyauto Zarautz eta La Unica B taldeen arteko norgehiagoka izango da Michelin kirol gunean

Kostata, baina Ohorezko B mailako Babyauto Zarautz taldeak bost puntu ekarri zituen larunbatean Oviedotik.

Nahiz eta Real Oviedo aurten mailara igotako taldea izan, zarauztarrek ederki lan egin behar izan zuten arerioaren etxean garaipena lortzeko, 15-22. Lehen jardunaldian gainera, garaipena erdietsi zuen taldeak eta euren ikusleen aurrean ez zuten gutxiago izan nahi.

Indartsu hasi zen Oviedo eta zigor kolpe batez baliatu zen markagailuan aurreratzeko. 30. minutuan lortu zuten zarauztarrek defentsa hautsi eta berdinketako puntuak eskuratzeko. Asturiarrak ederki defendatu zuten eta zarauztarrek aurrera egiteko arazoak zituzten. Lehen zatia amaitzear zela,

Oviedoko jokalari bati txartel horia erakutsi zioten. Ostean, beltzek entsegua egin zuten eta atsedenaldira 3-8 joan ziren.

Bigarren zatia jokalari bat gutxiagorekin hasi zuen arerioak eta hala ere, zigor kolpeei esker, aurre hartu zuen Oviedok, 12-8. Ez zuen zirrikiturik uzten eta zarauztarrek zail zuten baloiaren jabetza eskuratzea. Jokaldiak ongi landu behar izan zituzten beltzek aurre hartu eta partida irabazteko.

Igande honetan, Campus Universitario Ourenseren aurka  jokatuko du partida. Bi taldeek puntu kopuru berdina dute sailkapenean, 9 puntu. Partida zirraragarria izango da, beraz.

Errugbia Lasarte-Orian

Honez gain, Euskal Liga, 18 urtez azpiko eta 16 urtez azpiko taldeek emango diote hasiera denboraldiari.

Partidetako bat gainera Michelin kirol gunean jokatuko da. Babyauto Zarautz- La Unica B Euskal Ligako partidaz gozatu ahalko da larunbatean, 17:25etik aurrera.