Gautxoria, Manuel Lekuonako ikasturteari hasiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 25a, 16:00
Maite Iglesias kultur zinegotzia eta Jauntxi Ugarte tenikaria Gautxoriaren aurkezpenean,

Hirugarren urtez, Lasarte-Oriako Udalak Gautxoria antolatu du. Maite Iglesias Kultura saileko arduradunak eta Juantxi Ugarte arloko teknikariak aurntego edizioaren nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur goizean

Gautxoriaren edizio berria antolatu du Lasarte-Oriako udalak. Ostiralean, 21:00etatik aurrera,Manuel Lekuonako areto nagusian eta kafetegian umorea, musika eta dantza izango dira nagusi. "Manuel Lekuonako ikasturteari hasiera emateko era aparta da," aipatu du Juantxi Ugarte kultura teknikariak.

Lehenik, Demode Quartet taldea izango da areto nagusian. Musika eta umorea nahasten dituen emanaldia izango da. A capella edo instrumentuez lagunduta, doinu ezagunen bertsioak eskainiko dituzte.

Ostean, Amaia Gonzalez akademiako ikasleen dantza erakusketa txikia izango da.

Aretoko emanaldia amaitzean, 22:00ak aldera, kafetegia irekiko da eta Amaia Gonzalezen akademiako kideek dantzan egitera animatuko dituzte hurbiltzen diren herritarrak. Dantza gidatzeko akademiako irakasle bat ere izango da bertan.

"Zerbait dinamikoa izatea nahi genuen eta jendeak ere parte hartzea. Horregatik izango da dantza gidatua kafetegian," azaldu du Kultur zinegotzi Maite Iglesiasek.

Zer jan eta edan ere izango da. "Aterpea Merkatari eta Ostalari elkartearekin harremanetan jarri ginen eta Yolanda taberna izango da horren arduradun," jakitera eman dute. Era berean, bertan jan eta edandakoa ordaindu behar dela ohartarazi dute udaletik.

Areto nagusiko emanaldiak ikusi ahal izateko gonbidapenak behar dira. Manuel Lekuona kultur etxeko leihatilan eskuragarri daude, gaurtik aurrera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:30era.